Donostiako bi jatetxek elkartasunezko afari batean parte hartuko dute
Mirador de Ulia eta Okendo jatetxetako Ruben Trincado eta Jokin Zabala sukaldariek Sanfilippo gaixotasunaren aldeko afari bat prestatuko dute.
Sanfilippo gaixotasun neurodegeneratiboa duen Oier Iribarren haur gipuzkoarra laguntzeko, bost sukaldarik bat egin dute. Tartean, bi jatetxe donostiarretako sukaldariak: Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincado eta Okendo jatetxeko Jokin Zabala. Ibarran bizi den haurrak sei urte ditu, eta lau urte daramatza gaixotasunarekin. Estatu Batuetan garatzen ari diren ikerketa batek Oier senda dezake, baina ikerketa hori Gipuzkoara ekarri ahal izateko, hiru milioi euro behar dituzte. Horregatik, bost sukaldari elkartu dira eta uztailaren 3an, osteguna, elkartasunezko afari bat prestatuko dute. Sukaldari bakoitzak plater bana egingo du, eta menuak 40 euro balioko du. Biltzen den diru guztia Sanfilippo fundazioari emango zaio.
Elkartasunezko afariaren ideia Felix Garridori bururatu zitzaion. Bere alabaren bidez, Oierren egoera ezagutu zuen, eta berehala hasi zen Oierri nola lagundu pentsatzen. Lagunak dituen beste sukaldari batzuekin harremanetan jarri eta uztailaren 3an, osteguna, prestatuko duten afaria egitea erabaki zuten.
Goi mailako gastronomia
Afaria Alegiako pabiloi batean izango da, eta sukaldariek goi mailako gastronomia eskainiko dute. Asier Abalek hasierako batzuk eta ahate entsalada prestatuko du. Ondoren, foie eta perritxikoz betetako ravioliak eskainiko dituzte, Jokin Zabalaren eskutik. Hirugarren platerra Felix Garrido eta Txemari Estebanek egindako txangurroz betetako legatza izango da. Haragia Ruben Trincado uliatarrak prestatuko du. Azkenburukoa Ogiberri gozotegiak eskainiko du. Menuak 40 euro balioko du, edaria eta kafea barne.
Afarian parte hartu nahi duen edonork, erreserba egin behar du, 943 65 14 84 telefonoan eta hurrengo kutxako zenbakian 40 euro sartuz: 2095 5020 00 9113978641. Uztailaren 3an joateko aukera ez dutenek laguntza eskaini nahi izanez gero, urrats berdinak jarraitu behar dituzte.