Gainerako bidegorri sarearekin izango duen “lotura eskasa” da jeltzaleak gehien kezkatzen dituena.
Osteguneko udalbatzarrean mozio bat aurkeztuko du EAJk, Txomin Enea eta Martuteneko bidegorriaren egitasmoa berraztertzeko eskatuz udal gobernuari. Egitasmoak dituen gabeziak aztertu, eta hiriko hainbat mugikortasun eragileren iritzia jasotzea nahi dute jeltzaleek, eta horren arabera, egitasmoa egokitzea.
Martin Ibabe, EAJko zinegotziak adierazi duenez, “oso egitasmo garrantzitsua da. Milioi erdiko inbertsioa egingo da Txomin Enea eta Martuteneko bidegorria egiteko, beraz, iritzi ezberdinak kontuan hartu eta bide egokiago bat egiteko unea da; honek ez luke egitasmoa bertan behera utziko, egokitu baizik”.
Izan ere, jeltzaleen arabera, bidegorri berriak “lotura eskasa” du gainerako bidegorrien sarearekin. Loiolarekin eta Martuteneko 27. Industriagunearekin duen lotura falta nabarmendu du Ibabek. Eta baita Uba bidetik Intxaurrondo eta Ametzagaina lotzen dituen bidearekin ere.