Zorroaga Fundazioak gizarte klausulak jarriko ditu kontratuetan
Erdialdean adindunentzako egingo dituzten etxebizitzen eta eguneko zentroaren aurreproiektua idazteko bost enpresa aukeratu dituzte.
Zorroaga Fundazioaren Patronatuko batzordeak aho batez onartu du gaur goizean gizarte klausulak ezartzea kontratuetako baldintza orrietan. Udal gobernuaren ordezkariek aurkeztu dute proposamena, eta gainerako kide guztiek onartu dute. Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotziak neurri honen garrantzia nabarmendu du, eta udalaren baldintza orrietan lehenago ere gizarte klausulak jartzen hasi zirela gaineratu du; “Baldintza orrietan, gizarte, ingurumen, etika, lan, hizkuntza eta berdintasun irizpideak biltzen dituzten baldintzak jaso behar dira; administrazioak eguneroko lanean bete behar dituen baldintzak”.
Horretaz gain, Patronatuko batzordeak beste hainbat gai onartu ditu gaurko bileran. Hala nola, Erdialdean kokatuko diren adindunentzako zaintzapeko apartamentuen eta eguneko zentroaren aurreproiektua idatziko duten bost enpresen aukeraketa egin dute. Arruabarrena Arkitektura; Ignacio Quemada Arquitectos; LKS; UTE Peralta-Ayesa-Corneras-Fuertes, eta Apezteguia Arquitectos dira bost enpresak. Albizuren arabera, “uztailaren bukaeran proposamena ezagutu eta baloratu ahal izatea espero dugu, proiektua ahalik eta lasterren errealitate bihurtzeko. Lehen aldiz adindunek hornikuntzak izango baitituzte Erdialdean”.
Bestalde, Fundazioak iazko kontuak onartu ditu; 441.803 euroko etekinak izan zituen.