Easo plazaren eraberritzea San Bartolome muinoko proiektuarekin batera egitea proposatu du PPk
Hasiera batean, biharko udalbatzarrean emango diote hasierako onespena San Bartolomeri dagokion Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketari.
PP ados dago proiektuarekin; “hiriko proiektu estrategiko garrantzitsuenetariko bat da”, esan du Ramon Gomez bozeramaile popularrak. Dena dela, hainbat zuzenketa aurkeztuko ditu bihar. Horietatik bi nabarmendu ditu Gomezek. Batetik Easo plazaren eraberritzea San Bartolome muinoaren proiektuan sartzea nahi dute. “Horrek ez du esan nahi proiektuaren parte izango denik, baina ondoan egonik, ez dugu Easo plaza isolatuta geratzerik nahi, eta erreforma osoarekin batera egitea litzateke egokiena”, esan du Gomezek. Ingurua eraberrituta, Easo plaza ere oinezkoentzako eremu zabal baten parte litzateke horrela, “kioskoa eta plazari izaera berezia ematen dieten gainerako elementuak mantenduz”, betiere.
Lan hauek dokumentuan aurreikustea nahi du PPk.
Horrekin batera San Bartolomeko murrua eraberritzeko ere eskatuko du PPk. Izan ere, Gomezen arabera “egoera penagarrian” dago, eta “hiriko balkoi berri bat bilakatuko den eremuaren oinarriak ezin du irudi hori erakutsi”. Horma garbitu eta etorkizunean landaretzarik edo hegaztien habiarik sor ez dadin tratamentu egoki bat ematea proposatu dute; “murrua erakargarria izan behar du”.
Bi zuzenketa nagusi horiez gain goialdean lur azaleko aparkaleku kopurua handitzea ere eskatuko du PPk; 30-40 aurreikusten dituzte egitasmoan eta 80-90 izatea nahiko lukete popularrek.
EAJk egin zuen bezalaxe, Donostialdeko metroaren geltokia aurreikustea ere ezinbestekoa dela uste du PPk.