Giza Eskubideen bulegoak askatasun afektibo sexualaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du
Donostiako Udalak bandera koloreaniztuna udaletxeko fatxadan jarriko du, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta queeren ikurraren adierazle gisa.
Transexualen, bisexualen, lesbianen, gayen eta queeren askapen afektibo sexualaren aldeko Nazioarteko Egunaren harira, Donostiako Udaleko bulegoak bat egin du Donostia Kulturarekin eta Gehitu, Medeak, Errespetuz, Garaipen, AMPGYL, Magala, Donostiako Bilgune Feminista eta EHGAM elkarteekin. Honela, ekainaren 28an, larunbata, Donostiako Udalak bandera koloreaniztuna udaletxeko fatxadan zein hiriko autobusetan jarriko du. Horretaz gain, eta aurreko urteetan bezala, 19:00etan Bulebarretik abiatuko den manifestazioa egingo dute.
LGTBQ kolektiboen eskubideei erreparatuz, egun 80 herrialde baino gehiagotan delitu da homoxesuala izatea. Hauetako askotan, gainera, legearen indarrez jazartzen da homosexuala izatea, zigorrak betirako kartzelara edo heriotza zigorreraino heldu daitezke. “Honela, praktikak eta gizartearen zati baten jarrerak erakusten digute oinarrizko printzipio hau ez dela bere osotasunean onartzen. Horregatik, beharrezkoa da askatasun sexualerako eskubidearen urraketaren benetako egoerari heltzea, eta sekretu eta ikusezintasunera bortxatutako egoeratik, ageriko eta naturala izatera pasatzea”, adierazi dute Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegotik.
Horregatik guztiagatik, Giza Eskubideen atalak esan du askatasun afektibo sexualaren defentsan lan egiten duten elkarteen proposamenak laguntzen jarraituko duela.