Itzalekin eta izarrekin jolastu du Juan Txillidak
Denbora izenburupean, eskulturez eta koadroz betetako erakusketa osatu du artista donostiarrak, Ekain galerian.
Itzalek eskulturetan duten garrantziaz duela hamabost urte konturatu zen Juan Txillida (Donostia, 1956). “Huescan 1999an erakusketa bat zabaldu genuen, sekulako areto batean, eta lehen aldiz ezagutu nuen itzalen kontua. Alde bakoitzetik foko bana jarrita, 60×60 zentimetroko eskultura batetik bi metroko marrazkiak lortzen zenituen, paretetan agertzen ziren proiekzioekin. Hala, gaur egun garrantzia handia ematen dio argiari, eskulturak erakusgai jartzeko garaian, eta sortzen duten itzalaren arabera asko aldatzen direla dio. Hala, lau urteren ostean itzuli da Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galeriara Txillida, bere obratik hautatutako hainbat eskultura, margo eta kaxekin, eta Denbora izeneko erakusketa jarri du. Xabier Leteren San Martin azken larrosa abestiagatik jarri dio izen hori erakusketari. “Saturnok bere semeak jaten zituela dio; mitologia greziarra, denbora, eta denbora hori nola interpreta dezakezun azaltzen dira”, argitu du Txillidak. Bereziki, izarrak eta planetak izan ditu inspirazio iturri.
Eskulturei dagokienean, alanbre galvanizatuarekin osatu ditu, eta ondoren, batzuk margotu egin ditu, eta beste batzuk, aluminioz estali ditu. “Izarrekin eta konstelazioekin hasi nintzen pentsatzen, lurrean dagoenarekin alderatuz, adibidez, cromlechak. Zirkulu horiek zeruko argien marrekin bat egiten zutela ikusi nuen. Loturak egin nituen eta halako gauzak atera zitzaizkidan”. Horrela, hasieran galduta egon arren, pixkanaka bere lanei zentzua topatu diela esan du, eta tamaina eta forma oso desberdinetako eskulturak osatzera iritsi da. “Denboraldiak izaten ditut, batzuetan biribilagoak egiten ditut, besteetan laukiak, baita triangeluarrak ere”. Eskultura arinak dira guztiak ere, eta sabaitik zintzilikatzeko, paretaren aurka jartzeko zein mahai gainean jartzeko egokiak dira artistaren ustez.
Margoei dagokienean, ispirazioa espaziotik lortu duela esan daiteke. Izan ere, margotzeko erabili dituen ia testura guztiak planeten eta ekaitzen argazkietatik atera dituela azaldu du. “Lehen bertako ingurumenetik aritzen nintzen, orain beste gauza batzuek bila aritzen naiz”. Hala, berriro ere kolorearekin margotzera itzuli da Txillida, eta olioak egin beharrean, akrilikoetara jo du. “Berehalakotasun handiagoa dute akrilikoek, lehenago lehortzen da. Olio landu bat egiteko, agian hilabete baino gehiago itxaron behar duzu, asteak eman ditzake lehortzerako. Hori bai, olioen kalitatea hobea da”, azaldu du Txillidak. Koadro berezi batzuk ere osatu ditu, kaxa modukoak. “Eskultura baten oinarria izango balitz bezala da. Oinarri horretatik hasten da eta hortik hazi egiten da”.
Ekain galeriako erakusketa bihar zabalduko dute, 19:30ean, eta abuztuaren 2a arte egongo da ikusgai. Sarrera doakoa izango da, betiko moduan.