Kaldero Jaun jaiak, hari-harian
Jaiak ekaina bukaeran ospatzen dituzte; aurten, zehazki, hilaren 27tik 30era. Sagastieder plazan egingo dituzte festak, ostiralean hasita. Kaldero jaunaren erromeria egingo dute 18:00etan, Sagastieder plazatik irtenda. Larunbatean Intxaurrondo Egunaren 3. ekitaldia egingo dute. Gainera, Koldo Izagirrek eta Eneko Olasagastik prestatutako herri antzerkia egingo dute 18:30ean: Sagastieder printzesa eta Granadako Boabdil obra. Jaiak igandean amaituko dira, 21:30ean, Kaldero jaunari egingo dioten epaiketarekin
Iaz jai batzorde berria sortu arren, ez dute jaien antolakuntzan jende gehiagok parte hartzea lortu
“Duela hiru urte hasi ziren Kaldero Jaun jaiak egiteko arazo eta zailtasunak. Egoera larria da. Jendeak ez badu antolakuntzan parte hartzen, auzoko jaiak desagertu egingo dira”. Intxaurdi auzo elkarteko Roberto Otero Huarteren adierazpenak dira hauek.
Oso kezkatuta dago. Aurtengo egitaraua egitea oso zaila izan dela azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri: “Iaz jo genuen alarma. Jai batzordean jende berria behar genuen aurrera egin ahal izateko. Azkenean jai batzorde berri bat osatu genuen, eta festak egin ziren. Baina aurten berriz ere arazo bera izan dugu, eta beteranook bakarrik geratu gara. Jaiak hiru pertsonen artean egin ditugu”.
22 urte eman ditu Hego Intxaurrondoko festak antolatzen, eta uste du beste auzotar batzuek hartu beharko luketela lekukoa; belaunaldi aldaketa egiteko ordua iritsi dela, alegia. Arrazoiak hainbat dira; babesleen falta, baliabide ekonomiko urriak, udalaren diru laguntzen jaitsiera eta, batik bat, belaunaldi aldaketarik ez dela eman antolakuntzan. Jai batzorde zaharreko hiru kide aritu dira lan eta lan: “Konpromisoa hartu genuen, eta azkenean lortu dugu aurten ere jaiak egitea, baina oso zaila izan da”.
Gainera, aurten lan karga are handiagoa izan dela azaldu du Oterok. Izan ere, aurten Hego Intxaurrondon egingo dute Intxaurrondo Eguna. Duela bi urte ospatu zuten lehen aldiz, Intxaurrondo zaharrean, eta iaz Ipar Intxaurrondon. Intxaurrondoko bizilagun guztiak elkartzeko asmoz sortu zuten festa da. Partaidetza programako bilerak, Olatu Talka eta Donostia 2016 bulegoarekin elkarlanean egin dituzten ekitaldiak… Aurten egin behar izan duten esfortzua izugarria izan dela aitortu du.
“Auzoan asko dago egiteko”, adierazi du Oterok. Bera laguntzeko prest dagoela azaldu du, baina antolakuntzaren ardura hartzeko prest dagoen jenderik gabe ezin duela jarraitu esan du.