Ostiralean zabalduko dute Liburu eta Disko Azoka
Gipuzkoa plaza hartuko du azokaren 39. ekitaldiak, uztailaren 13a arte.
Euskadiko Liburu Ganbarak Donostiako 39. Liburu eta Disko Azoka antolatu du. Ostiral honetan bertan zabalduko dute eta uztailaren 13a bitartean egongo da. Hala, Gipuzkoa plaza kultur topagune bihurtzea dute helburu antolatzaileek. Izan ere, azokaren bisitariek argitalpen berriak erosteko parada izango dute eta azokaren harira antolatutako hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute: liburu aurkezpenak, idazleekin topaketak eta hitzaldi solasaldiak. Hiriko udararen erakargarri bat gehiago izango da aurten ere azoka, eta ordutegi zabala izango du, goizez eta arratsaldez.
Guztira, 20 postu baino gehiago izango ditu azokak: Ainhoa liburu denda, Elkar argitaletxea, Erein argitaletxea, Kaxilda liburu denda, Txalaparta argitaletxea… aukera zabala eskainiaz, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz ere. Azken batean, antolatzaileek argi utzi dute sormena ez dagoela krisian, eta egungo garaietan oraindik ere garrantzitsuagotzat jo dute irakurtzea.
Zilarrezko Euskadi Saria
Hurrengo asteartea egun polita izango da Xabier Etxaniz Rojo idazle donostiarrarentzat, izan ere, Zilarrezko Euskadi Saria emango diote, Sirena-hotsak ipuin liburuagatik. Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan izango da ekitaldia, 10:30ean, eta bertan, Mircea Cartarescuk ere jasoko du saria, Las bellas extranjeras lanagatik.
LIBURU ETA DISKO AZOKA.
- Noiz: Ekainaren 27tik uztailaren 13ra.
- Non: Gipuzkoa plazan.
- Ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
- Egunez eguneko egitaraua: