Bulebarreko turismo bulegoaren itxura berria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Uztailaren 7an irekiko dute informazio puntu berria, Cervantes plazan.
Udako denboraldia bi berrikuntzekin hasi du Donostia Turismoa. Batetik, Bulebarreko bulegoa berritu eta egokitu dute, eta bestetik, bigarren informazio puntu bat irekiko dute, bisitariak egoki artatzeko.
Turismo bulegoari itxura berria eman diote. Argiagoa da, eta gune ezberdinak egokitu dituzte, bisitarien beharren arabera. Manu Narvaez, Donostia Turismoako zuzendariaren arabera, “bulegoko zerbitzuaren helburua informazioa erraztea da, eta baita arreta ahalik eta azkarrena izatea ere”. Hala, langileez gain, bisitariek atalka sailkatutako hainbat informazio izango dute eskura.
Gainera, oraingoan garrantzia handia eman diote Kultur Hiriburutzari, Donostia 2016ari buruzko bideoak, logoak eta tamaina handiko biniloaz gain, kultur eskaintzarekin gune berezi bat prestatu baitute bulegoaren sarreran.
Iaz 170.000 pertsona pasa ziren turismo bulegotik.
Udako informazio puntu berria
Lurraldea bisitatzera datozen pertsonei eskainitako zerbitzu turistikoa hobetzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia Turismoak uda garairako informazio puntu berri bat irekiko dute Cervantes plazan.
Puntu berria uztailaren 7tik abuztuaren 17a bitartean egongo da irekita; hirira eta lurraldera pertsona gehien etortzen den garaian.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, “bi erakundeen arteko elkarlanak lurralde turistikoa zabaltzen lagunduko du”.
Informazio gune berrirako lau pertsona kontratatuko dituzte hilabete eta erdiz. Hauez gain, Donostia Turismoak beste zortzi pertsona kontratatuko ditu uda osorako. Donostia Turismoako langile guztiek informazio-puntu berrian lagunduko dute, hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen baliabide turistikoei eta azpiegiturei buruzko informazioa emanez.
Turismo datuak
Narvaezek esan duenez, hiriko kaleetan nabari da dagoeneko bisitarien ugaritzea. Maiatza arteko datuen arabera, iazko bisitari kopuruak nahiz gaualdi kopuruak gora egin dute, beraz, Ruizen arabera, “turismoari dagokionez, aurtengo uda ere ona izatea aurreikusten dugu”.