Gros Gallery Night izeneko ekitaldia prestatu dute larunbaterako; lau espaziotan lau ikuskizun eskainiko dituzte.
Hiri askotan egiten da Galerien Gauaren ideiaren inguruan garatutako programa hau; Bartzelonan, Madrilen, Bilbon, Berlinen eta Parisen, besteak beste. Larunbat honetan Donostian egingo dute lehen aldiz, Grosen.
Lau espazioz osatutako ibilbide bat proposatuko dute: lau ordu, lau espazio, lau ekitaldi. Gros Gallery Night honetan auzoko Arteko, Kur eta Nocolor arte galeriak izango dira protagonista. Hiru galeria horiek ekitaldi bana eskainiko dute, eta bukaeran, jai giroan, Zurriola Surf Eskolan elkartuko dira partaide guztiak.
Arte galeria bakoitzaren erakusketa ikusteaz gain, espazio bakoitzean mugimendua edo soinuarekin lotutako ekitaldi batez gozatzeko aukera izango du bisitariak. Kale Laburreko Arteko galerian hasiko da ibilbidea, 18:00etan. Zeramikari eskainitako lantegi bat egingo dute, estetika gastronomikoz apaindutakoa. Arteko galeriak 2012. urtetik garatu du gastronomical.art proiekturen barruan. Bilboko Arte Ederretako hamalau ikaslek egingo dute tailerra, “Gure gorputzetan, azalean, ontzi bihur daitezkeen mila txoko aurki ditzakegu” ideiatik abiatuta. Nazioarteko proiektu desberdinetan aurkeztu diren obra sorta bat ikusi ahal izango du bisitariak + de una decada en Europa erakusketan.
Zirkuituaren bigarren geldiunea Zurriola etorbideko Kur galerian egingo dute, 19:00etan. Enara Tejadas arkitekto eta dantzaria eta Oihana Varela koreografo eta dantzariaren elkarlanetik sortutako proiektu bat aurkeztuko dute bertan. Mugimenduaren ikuspuntutik arkitektura eta dantzaren arteko harremana aztertu dute. L’essence eta La vie piezak aurkeztuko dituzte. Galerian Mikel Lertxundiren erakusketa izango da ikusgai. Harria, egurra eta burdina bezalako materialetan oinarrituta dago.
Kolon pasealekuko Nocolor Estudio galeria izango da hirugarren elkargunea. Maximilian Pelzmann artistaren Interplay erakusketa inauguratuko dute, 20:00etan. Ama donostiarra eta aita austriarra du, eta New Yorken bizi da. Interakzioaren jolasari eskainitako proiektu bat aurkeztuko du. Marrazkia, pintura eta eskulturaren bidez ondu du bere ideia.
Hiru arte galerietatik pasa ondoren, Zurriola Surf Eskolan elkartuko dira guztiak 21:00etan. Aritz Kaberen argazki erakusketa bat jarriko dute, eta Iker Kabe DJak festa girotuko du.
Irati Irulegik eta Maria Agirrek sortu dute Gros Gallery Night. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Maria Agirre eta Irati Irulegi gazte donostiarrek ekarri dute hirira proposamen hau. Beste hainbat tokitan egindako Galerien Gauak ezagutu dituzte, eta ideia bera bertan lantzea erabaki zuten. Donostian kultur ekitaldi asko egiten direla uste dute, eta beraiek ere parte hartu nahi dute dinamizazio lan horretan. Hiria arteaz eta kulturaz bustitzeko gogotsu daude. Zergatik aukera dute Gros? Hasieratik harrera ona izan zuelako beraiek proposatutako ideiak. Halere, beraien asmoa hurrengo urteetan programa beste auzoetara eta hiri osora zabaltzea da.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea