Iganderako material desberdina aukeratu dute finalistek
Buruz buruko finalerako pilotak aukeratu dituzte Julen Retegik eta Juan Martinez Irujok, Atano III.ean.
Esku pilotako buruz buruko txapelketaren finala Atano III.era itzuliko da, bost urterren ostean. Hala, Juan Martinez Irujo eta Julen Retegi igandean 17:00etan hasiko den jaialdian nor baino nor arituko dira, eta gaur material hautaketa egin dute. Dirudienez, material desberdina aukeratu dute, Retegik larru txuriskakoak, eta Irujok, berriz, larru marroikoak. Pilotazale eta komunikabide ugari gerturatu dira hautaketara, eta finalistek jokatzeko gogoz daudela aitortu dute. Behin materiala aukeratuta, igandera arte itxarotea baino ez da geratzen, txapela nork jantziko duen jakiteko.
Komunikabideekin hitz egin dute bi pilotariek frontoian bertan, eta biek ere argi utzi dute irabaztera irtengo direla. Julen Retegik eskuin eskua hobeto duela dio, baina finala zaila ikusten du: “Juan txapeldun bat da, hiru final daramatza jarraian. Badakit partida zaila izango dela, baina finalak jokatu eta irabazi egin behar dira, eta horretara etorriko gara igandean”. Materialari dagokionean, txapelketan erabili duen modukoa aukeratu duela esan du. “Bat bestea baino biziagoa da, baina orain arte erabili ditudan pilota txuriskak dira. Eskuan ongi sartzen dira eta ni pozik nago materialarekin”, aipatu du Retegik. Edonola, Irujok pilota desberdinak hautatu dituela azaldu du: “Beste estilo batekoak dira, larru marroikoak, aurkari guztiek atera dituztenak, Idoatek, Aimarrek… pilota horiek ere politak dira”.
Finalean berria izanik, urduri dagoela aitortu du Retegik. “Ez da aste erraza izaten ari. Hau guztia berria da niretzako. Ea final polita ateratzen den, jendeak gozatzeko”. Irujo faboritotzat jotzen du Retegik, baina horrek ez duela kikilduko argi dauka. “Bai Juan eta bai Aimar garai bat markatzen ari dira, eta faborito garbia bera da”; hala ere, argi dauka irabaztera irtengo dela igandean. “Buruz burukoa argia da. Ongi sakatu beharra dago, sakeei ongi erantzun, gutxi oparitu eta asko atzeratu. Tantoan zuk agintzen baduzu, irabazteko aukera asko dituzu, metro asko dira batentzako bakarrik. Hori teoria da, gero praktikara eman beharra dago”, azaldu du Retegik.
Bere aldetik, Martinez Irujok nahiago izan du materialaz ez hitz egin, igandean ikusiko dala esanez. “Irabazteko gogo asko daukat, ilusio eta gogo faltagatik behintzat ez da izango. Final batera iristea asko kostatzen da, eta txapela hortxe daukagu”. Gainera, Julen Retegi momentu onean dagoela uste du: “Orain arte ez da urrutira iritsi, arrazoi batengatik edo besteagatik, baina argi ikusten zen txapelketa hau jokatzeko egina zegoela. Aurten azkenean dena ongi atera zaio, oso ongi jokatu du, ez du lesiorik izan, prestatzeko denbora asko izan du… eta finalean dago”. Hala, faboritoa izatearen kontuari ere ez dio garrantzia handiegirik eman, eta Julenek bere ezkerra bilatuko duela uste du. “Julen ez da txoroa, eta badaki nola nagoen. Faboritoa izatea ez da txarra, jendeak aurkaria baino hobeto ikusten zaituela esan nahi du, eta teorian irabazteko aukera gehiago dituzula, baina partida berdin-berdin jokatu behar da”.
Atano III.narekin behintzat ez duela inolako arazorik argi utzi du Irujok. “Frontoi ona da. Hiru frontoietatik giro gehien duena da, eta harmailak kantxatik gertuago daudelako dela uste dut. Ongi iruditzen zait errotazioarena, eta ez beti final guztiak Bilbon jokatzea. Lau t’erdikoa Gasteizen jokatu zen, binakakoa Bilbon, eta orain Donostian, perfekto. Pena da ezin dela Iruñean ere jokatu”.