Joxemari Arrietak eman die hasiera Altzako jaiei
Sanmartzialetan murgildu dira altzatarrak, datorren asteazkena bitarte.
Altzako bizilagunen artean aski ezaguna da Joxemari Arrieta. Argi geratu da hori San Martzial jaiei hasiera eman dien ekitaldian. Arrieta 19:00ak inguruan igo da Altzako udaletxeko balkoira, Altzatarra Kirol Elkarteko beste bi lagunekin batera, eta mikrofonoa eskutan hartuta, harro eman die hasiera asteazkena arte luzatuko diren sanmartzialei. Plaza herritarrez betea zegoen, haur, heldu eta gazte, eta “Joxemari lehendakari!” zioten oihuak behin baino gehiagotan entzun dira. Testua prestatua zuen arren, papereko tinta ezabatu egin zaiola aipatu du Arrietak txantxetan, baina hala ere, inprobisatzeko gai izan da. Elkarrekin jai zoriontsuak igarotzeko opa die Arrietak altzatarrei, eta guztiak asmo maite dituela ere esan die. Gero, hiru bertso botatzera ausartu da, eta tabernetan ikusiko direla kantatu die bizilagunei. Behin hitzak bukatuta, txupina bota dute, eta ondoren, buruhandiek hartu dute plaza, txikienen zorionerako.
Txupina 19:00ak ondoren bota duten arren, gaur goizetik jada jai giroa bizitu dute Altzan. Izan ere, futbol txapelketa, pilota partidak, Altzako Nao Etxea erretiratuen abesbatzaren emanaldia, eta Gorriti Show izan dituzte, besteak beste. Gauerdian, San Martzialen ereserkia abestuko dute, San Martzial egunari hasiera emateko.