Ezkerretik hasita, Manu Narvaez, Ronald Hambleton, Juan Karlos Izagirren eta Paula Elosua. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Uztailaren 2tik 4ra egingo dute Nazioarteko Test Batzordearen Biltzarra Miramar jauregian. 50 herrialdetako 500 aditu etorriko dira.
Nazioarteko Test Batzordea hainbat elkarte psikologikoren, test komisioen, editoreen eta pertsonen ebaluazioan eta neurketa tresnen garapenean arau eraginkorrak sustatzearekin konprometituak dauden zenbait erakundez osatua dago. Hauen zeregina, nazioarte mailan test eraikitze, banaketa eta erabileraren inguruko arazoen informazio trukaketa erraztea da.
Asmo horrekin, bi urtez behin kongresu bat egiten dute. Duela lau urte Hong Kongen egin zuten, duela bi urte Amsterdamen, eta aurten, Donostian. Froga psikologikoen eta heziketaren hobekuntzarako eta garapenerako ebaluazioaren muga berriak ezagutzeko elkargune bihurtzea izango du biltzarrak helburu, eta baita, testen erabileraren ebaluazioa egitea ere.
Paula Elosua, EHUko Psikometria irakasle eta ikertzaileak lortu du Test Batzordearen biltzarra Donostiara ekartzea. Elosuak adierazi duenez, bost urte eman ditu hautagaitza lantzen. Donostia Turismoarekin aritu da elkarlanean, biltzarrek hiriko ekonomian duten eragina nabarmena baita. Biltzar honetara 500 aditu etorriko dira euren familiekin.
Test Batzordearen 9. biltzarra
Juan Karlos Izagirre alkatea, Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendaria, Paula Elosua EHUko ikertzailea eta Ronald Hambleton psikometrian aditua den zientzialari estatubatuarra izan dira nazioarteko biltzarraren aurkezpenean.
Talde kultural eta linguistiko gutxituen berezko ezaugarrien eta ebaluaketaren aspektu globalen arteko bateratzea landuko dute biltzarrean. ‘Ebaluazio praktika egokia aurrera eramateko erronka lokalak eta globalak’ da jardunaldien gaia, eta ebaluazio lokalaren, garrantzia azpimarratzen du.
Munduan 6000 eta 7000 hizkuntza erabiltzen dira, beraz, eleaniztasuna elebakartasuna baino ohikoagoa da. Aniztasun hau babestea da UNESCOren erronketako bat, eta ebaluazioaren ikuspuntutik, gaiaren inguruko gogoeta egitea izango da aste honetako biltzarraren beste helburuetako bat.