Reala eta Bayer-en arteko partida, Anoetan. (Argazkia: Gorka Bravo)
Realak akordio bat lortu du Adidas arropa markarekin. Hala, gaurtik aurrera klub txuri-urdinaren ekipazioaren hornitzaile ofiziala izango da. Realeko talde guztien paseo, entrenamendu eta partiden arropa egiteaz gain, Adidas Realarekin elkarlanean arituko da, salmenta eta banaketa plataformetan, Realaren denda ofizialak barnean egongo direlarik (Gipuzkoa plaza eta Anoeta).
Realaren hitzetan, Adidasekin lortutako akordioa aurrerapauso bat da klubarentzat. Hala, klubak Adidasekin garai oso onak bizi izan dituela gogorarazi du. “Tituluak irabazi zituen Real horrek Adidas janzten zuen, laurogeigarren hamarkadan dagoeneko nazioartean oso marka ezaguna zelarik. Reala oso pozik dago Adidasekin duen harreman berri honekin. Adidasen balore, produktuen kalitatea eta berrikuntza azaldu ahal izango ditugu, eta zaleekin banatu”, azaldu du klubak ohar baten bidez.
Jokin Aperribai Realeko presidenteak ere bere poza adierazi du Adidasekin lortutako akordiogatik: “Pozik gaude, albiste zoragarria da Realak mundu mailan hain finkatua dagoen marka bat erakarri izana. Bultzada berria da, komertziala kasu honetan, Realaren presentzia Europan sendotzeko. Poztasun asko emango dizkigun ezkontza hasi da”.
Bilduma txuri-urdin berria uztailaren 5ean jarriko dute salgai klubaren Gipuzkoa plazako eta Anoetako denda ofizialetan, baita klubaren webgunearen bidez ere. Aldaketa dela eta, bi denda ofizialak eta
on line denda itxiak egongo dira, datozen egunetan.
Lehen entrenamendua, ostegunean
2014-2015 denboraldia prestatzen hasiko da laster Realaren lehen taldea. Hala, Jagoba Arrasatek ostegunerako deitu du lehen entrenamendu saioa, Zubietan, 10:30ean.