Xabi Paya, Juan Karlos Izagirre, Steven Green eta Ulrich Fuchs, udaletxean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Une erabakigarrian da Donostia 2016 egitasmoa. Halaxe jakinarazi dute gaur Europako kultur hiriburutzen Jarraipen Batzordeko adituek, hirira egindako bisitaren ostean emandako prentsaurrekoan. Jarraipen Batzordeko presidente Steven Greenek azaldutakoaren arabera, datozen sei hilabeteak oso garrantzitsuak izango dira, urtea amaitu arte Donostia 2016 lan taldeak babesleekin hitzarmenak sinatu beharko baititu eta “eztabaida sakona” beharko baitu izan tokian tokiko zein nazioarteko bazkideekin. Egitarauak ere zehaztuta egon beharko du urte amaierarako. “18 hilabete falta dira hiriburutzarako, baina Eguberria baino lehen, datozen sei hilabeteetan, proiektuak zehaztuta egon behar du”, esan du Greenek, eta programa aurkezteko ekitaldi entzutetsu bat antolatzea egokiena litzatekeela gomendatu du. Greenekin batera, Donostia 2016 kultur egitarauaren koordinatzaile Xabi Paya, Donostia 2016 Fundazioko presidente eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Europako Jarraipen Batzordeko kide Ulrich Fuchs eta Europako Komisioko ordezkari Gloria Lorenzo izan dira udalbatzarren aretoan egindako agerraldian.
Europako adituek adierazi dute Donostiak ardura handia duela, bai Europako kultur hiriburu izan direnekin, baita izango direnekin ere. Hala ere, ardura handiena hiriarekin duela adierazi dute. “Epe luzeari begira, hiri honen irudia 2016an gertatuko denaren arabera baldintzatuta egongo da. Orain egingo duten lanak etorkizuna baldintzatuko du”, berretsi du Greenek. Hiriburutza batzuek euren irudia nabarmen hobetu dutela aipatu du, baina euren izena kaltetua izan duten hiriak ere badaudela onartu du, gauzak behar bezala egin ez izanagatik.
Donostiaren kasuan, Greenek konfiantza handia erakutsi du. Zuzendari nagusia irailean aukeratuko dute, baino hutsune horrek fase erabakigarri honetan ez duela eraginik izango ziurtatu du. “Egitaraua zuzendari artistikoaren ardura da, ez zuzendari nagusiarena. Gainera, egitarauaren oinarria hautagaitzak aurkeztutako egitasmoan dago dagoeneko. Horregatik irabazi zuen Donostiak, eta ikusten ari garena da egitasmo horren oinarria dela lantzen ari direna”, esplikatu du. Hiriak aurreratuta duen lanari dagokionez, momentu honetan Donostiak beste leku askotan izan ez dutena duela aipatu du. “Hiriburutza askok ez dute aurrekontua horren zehaztuta; hori luxu bat da”, aitortu du.
Donostia 2016 egitasmoak izandako “krisiari” buruz galdetuta, Jarraipen Batzordekoek nabarmendu dute ez daudela kezkatuta. “Ez dut hiriburutzarik ezagutzen non ez diren dimisioak eta aldaketak egon. Proiektu bizi bat da, eta haz dadin berezko prozesu bat da krisia”, azaldu du Fuchsek, hiria bisitatu duen beste adituak. “Konfiantza eta segurtasun handiarekin itzultzen gara etxera, egitasmoa norabide onean dagoela jakitun”, baieztatu du Greenek.
Adituek ordezkatzen duten batzordearen lana zein den azaldu dute. Aditu independenteak direla nabarmendu dute, eta ez daudela inongo erakundeen zerbitzura esan dute. Europako hiriburutzak laguntzeko daudela azaldu dute, beti ere modu eraikitzaile batean, inolaz ere modu kritikoan. “Ez gaude hemen inor kontrolatzeko edo kritikatzeko, hiriburutzaren sustatzaileei laguntzeko baizik, egitasmoak arrakasta izan dezan”, berretsi du Greenek. Zentzu honetan, egindako bisita ohikoa dela esan dute, eta bildutako eragilerekin izandako elkarrizketetan etorkizuna izan dutela hizpide azpimarratu dute, ez iragana. Eragile, politiko eta administrazioen ordezkarien artean batasuna ikusi dutela esan dute, egitasmoari dagokionez. Espiritu hori oso garrantzitsua dela nabarmendu dute, hiria izango delako azkenean Europaren aurrean irudi bat edo beste erakutsiko duena. Hori dela eta, kritikak alde batera uzteko deia egin dute, nahiz eta onartu politikarien arteko ika-mikak normalak direla. “Kritika horiek ez digute kezkatzen, politikarien lana da, eta gustura egiten dute askotan, hori ez da berria. Erakundeek egiten dutena da garrantzitsuena”, erantsi du Greenek, eta agerraldian bertaratutako komunikabideei ere egitasmoa bultzatzeko laguntza eskatu die.