Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Martuteneko biribilgunea eraberritzeko diru partida bat onartu dute; erabaki hori, Karlos I.aren etorbideko aldaketak egiteko lehen pausoa dela uste du PSE-EEk.
Martuteneko biribilgunean sortzen diren trafiko arazoak hizpide izan zituzten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Sozialistek zuzenketa bat aurkeztu zuten arazoari irtenbide bat emateko eskatuz, eta gainerako alderdien babesa jaso zuten. Hala, biribilgunearen eraberritzearen proiektua abian jartzeko 250.000 euro bideratuko dituzte aurten, eta beste hainbeste datorren urteko aurrekontuetan.
Ernesto Gasco, PSE-EEko bozeramailearen esanetan, “Martuteneko biribilgunea eraberritzea zen gakoa, beraz dagoeneko ez dago aitzakiarik. Atzoko erabakiak Karlos I.aren etorbideko auzia abian jarriko du berriro; ea oraingoan behin betiko erabakiak hartzen diren”.
Martuteneko biribilgunea “gaizki kalkulatutako egitasmo bat” izan zela esan du Gascok, puntu horretan pilatzen den trafiko dentsitatea bideratzeko ez baita nahikoa, eta auto pilaketak sortzen dira. Gascoren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu beharko du proiektua, baina bi mailako biribilgune bat irtenbide egokia litzateke; Errotaburuko biribilgunearen antzekoa.
Gascoren arabera, ezinbestekoa da hiriko trafikoa berrantolatzea eta auzoetarako sarrera-irteerak erraztea. Zentzu horretan, sozialisten arabera, Martuteneko biribilgunea eraldatzeaz gain, Karlos I.aren saihesbidea ixtea eta Marrutxipiko eraldaketa egitea lehentasunezko proiektuak behar lukete. Azken honen bidez, Egia, Gros, Ategorrieta eta Intxaurrondoko bizilagunek hiri guztia zeharkatu beharrik ez izatea lortuko litzatekeela esan du Gascok.
Amarako bizilagunei dagokienez, zinegotzi sozialistaren arabera, dagoeneko bildu dira amaratarrekin, atzoko erabakiaren berri emateko. Izan ere, Gascoren arabera, “oso albiste ona da amaratarrentzat, auzoa erdibitu duen errepidea desagertzeko lehen pausoa eman baitute”.
Datorren urtean, Martuteneko biribilgunea eraldatu, eta hurrengo legealdian Karlos I.aren saihesbidea ixtea espero dute sozialistek. Dena dela, datorren udalbatzarrean gaiaren inguruan galdetuko diete udal gobernuko kideei. Gascoren arabera, ez litzateke egokia Foru Aldundiak egiten duenaren zain egotea; “egitasmo paralelo bat landu behar dugu aldundiak Karlos I.aren inguruko erabaki bat hartzen duenerako Amara eraldatzeko gai izateko”.