Udako merkealdia abian da
Gaurtik hasita abuztuaren 31 arte herritarrek erosketak merkeago egiteko aukera izango dute.
Goizean goizetik dena prest zegoen udako merkealdiari hasiera emateko. Erakusleihoetan bereziki %20 eta %30eko deskontuak ikus zitezkeen, baina badira kopuru handiagoak ere, eta zenbait dendek %50eko kopuruekin hastea erabaki dute. Hortaz, gaurtik hasita eta abuztuaren 31 bitarte, erosleek merkealdiaz gozatzeko aukera izango dute.
IRUTXULOKO HITZAk SShops Donostiako kudeatzaile Lourdes Lazarorekin hitz egin du, eta neguko merkealdi garaia espero bezain ona ez izan arren, saltzaileak itxaropentsu daudela azaldu du, eta datozen bi hilabetetako salmentak hobeagoak izango direla espero dute. “Saltoki txikien salmentek zertxobait hobeagoak izan dira azken hilabete hauetan, eta joera hori merkealdi hauetan ere mantenduko dela uste dugu. Gainera, Donostia hiri oso turistikoa da, eta uda garaian datozen atzerritarrak erosteko ohitura dute, hori lagungarria da”.
Beherapenen kopuruei dagokienez, “aurreko urteetakoekin alderatuta, beherapenak ez dira hain handiak izango, %20 eta %30 bitartean ibiliko dira”. Gutxi egongo diren arren, %50eko deskontu bereziak ere ikusteko aukera izango dugula aitortu du. Hala ere, azken denboraldian izan duten salmenten gorakada horrek jarraitzen badu, merkealdi garaia ona izatea espero dute. “Joera hori, turisten presentzia eta eguraldi ona batzen baditugu, udako merkealdia ona izango da”.