Zilarrezko Euskadi Saria jaso du Xabier Etxaniz Rojok
‘Sirena-hotsak’ liburuagatik saritu dute idazle donostiarra, Mircea Cartarescu errumaniarrarekin batera.
Xabier Etxaniz Rojok Zilarrezko Euskadi Saria jaso du, gaur goizean. Sirena-hotsak liburuagatik saritu dute idazle donostiarra, Mircea Cartarescu egile errumaniarrarekin batera, Las bellas extranjeras lanagatik. Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak ematen du Zilarrezko Euskadi Saria, eta aurtengoan horiek hautatu ditu. Orain arte, azokan gehien saldutako liburuak saritu izan ditu elkarteak, eta parentesi baten ostean, liburu sarituak liburu saltzaileek eurek hautatzea erabaki dute. Liburutegi Nagusiaren sotoan jaso dituzte sariak bi idazleek, hainbat lagunen artean. Saria liburu saltzaileen elkarteak ematen duen arren, Donostia Kultura, Donostia Sustapena eta 2016 bulegoarekin elkarlanean aritu da. “Liburu saltzaileon lana da liburuak eta kultura gizarteari hurbiltzea, eta liburuak gomendatzea. Urtero badaude ustekabean geratzen diren liburu batzuk, eta justizia egin nahi izan dugu liburu salduenen artean egon behar liratekeen bi lanekin”, azaldu du liburu saltzaileen elkarteko Andoni Arantzegik.
Etxaniz Rojoren liburua lehenaldiaren eta orainarekin jolasten duten lau ipuinek osatzen dute, eta saria eskertzeko ere kontakizun labur bat osatu du idazleak: “Duela bi hilabete Ereinetik deitu zidaten, eta apokalipsiaren seinaletzat hartu nuen, bai. Bapatean, zerutik, milaka igel erortzen hasi izan balira bezala, edo Kontxako ura belztu izan balitz bezala. Seinale bat, zer bestela. Eta jarraian, zera pentsatu nuen, bapatean donostiar guztiak erotu dira, bapatean, donostiarrak liburuak erosten hasi dira, ero moduan hasi ere. Eta ez hori bakarrik, donostiar guztiek nire Sirena-hotsak erosi dute, eta Liburuaren Egunean nire liburua izan da gehien saldu dena. Arestian esan bezala, apokalipsia. Handik gutxira, Andoni Arantzegik deitu zidan, eta orduan jakin nuen. Zilarrezko Euskadi Saria jada ez zitzaiola ematen gehien saldu zen liburuari. Hala baldin bada, askoz hobeto. Lasaitu ederra hartu nuen, bai. Sirena-hotsak ez da gehien saldu dena, baina behintzat apokalipsia ez da oraindik hasi”. Ondoren, eskerrak eman dizkie Etxaniz Rojo bere ingurukoei, eta beregan izan duten konfiantza baloratu du. “Eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteari, nire Sirena-hotsak aukeratzeagatik eta liburuari bigarren aukera bat emateagatik, eskerrak eman nahi dizkiet Iñaki Aldekoa eta Erein argitaletxeari, nire lanari eskaini dioten konfiantzarengatik. Eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet, Larraitzi, Garaziri eta Enarari, etxeko lan gelan desagertzen naizenean, nirekin izan ohi duzuen pazientziarengatik. Sari hau, zuentzat”.
Nora Galparsoro zinegotziaren eskutik jaso du Etxaniz Rojok Zilarrezko Euskadi Saria. Istorioak sortzeko trebezia dutenak miresten dituela aitortu du Galparsorok, eta kultura industria den heinean, denen artea bultzatu behar dugula. Etxanizek, bere aldetik, oraindik bere hurrengo proiektua ez duela zehazturik onartu du, baina irakaslea denez, udaran beti idazteko tartea hartzen duela esan du.
Mircea Cartarescuk izugarri eskertu du saria. “Maiz liburu saltzaileek gehiago dakite liburuez kritikariek eta idazleek baino. Sekula ahaztuko ez dudan eguna da gaurkoa”, aipatu du Cartarescuk. Bide batez, euskaldunengana ere zuzendu da. “Euskara munduko hizkuntzarik bereziena da, eta espero du zuek sekula ez ahaztea eta zuen seme-alabei irakastea. Xabi zoriondu nahi dut, bere hizkuntzan idatzi duelako, hori baita komunitate baten ispiritua mantentzen duena; eta Xabi ez da beste hizkuntza handiago batean idaztearen tentazioan erori”, gehitu du idazle errumaniarrak.