Alfred Finnbogason golak sartzeko prest etorri da Donostiara
Realak aurrelari berri bat izango du gaurtik aurrera, goizean egindako mediku azterketa gainditu eta gero. Alfred Finnbogason islandiarra da aurpegi berria. 2018. urteko ekaina arte sinatu du.
Europako talde asko ibili dira bere atzetik, orain eta etorkizun handiko jokalaria delako. Grindavik herrian (Islandia) jaioa, 25 urte ditu eta 1,85 metroko garaiera du. Herbehereak-eko Ligan jokatu du azken urteetan, Heerenveen taldean, eta goleatzaile peto-petoa dela erakutsi du. Denboraldi honetan 29 gol sartu ditu, 9 asistentzia eman ere. Aurreko denboraldian 24 gol sartu zituen. Profesional moduan daramatzan sei urtetan, ehun gol sartu ditu dagoeneko. Areako aurrelari horietakoa da, errematatzailea. Bideoan, 2013-2014 denboraldiko jokaldi eta gol batzuk ikus daitezke.
Realak entrenamenduei ekingo die bihar, 10:30ean, Zubietan. Finnbogason berdegunean izango da, asteartetik hirian baita.