Jose Mari Kalonje: "Donostian oso zaila da frontoian giroa lortzea, desabantailan gaude beti alde horretatik"
Gipuzkoako XLVII.Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finalera iristea lortu du Donostiak, eta igandean, 10:30ean jokatuko ditu partida erabakigarriak, Oiartzunen aurka, Atano III.ean.
Herriarteko txapelketaren historian, Donostiak bost garaipen bildu ditu, eta beste lau txandatan txapeldun ordea izan da. Azken finala 2011n jokatu zuen, Hernaniren aurka, eta azken txapela 1998an jantzi zuen. Ez du erronka makala izango Jose Mari Kalonjek zuzentzen duen taldeak, Oiartzun iazko txapelduna izan baitzen, eta ziur zaleek ez dietela hutsik egingo. Edonola, iazko taldetik aldaketak egin ditu Oiartzunek, eta Donostiak talde orekatua duela dio Kalonjek; beraz, irabazteko aukerak dituztela uste du. Atsegin handiz erantzun ditu IRUTXULOKO HITZAren galderak.
Herri asko kanporatu behar izan dituzue finalera iristeko, oso zaila izan da?
Lehenengo Andoain kanporatu genuen, eta gero, Bidania, Astigarraga eta Lasarte. Egia esan, finalerdietan kontua zaildu genuela uste dut, errazago egin behar genuen aurrera. Helduen partida etxean galdu genuen, Josebak eskuan min hartu zuelako, eta irabazi egin behar genuen. Azkenean, itzulerakoan aurrera egin genuen. Gero, Astigarragari irabaztea garrantzitsua izan zen, oso talde ona baitzuen.
Finalerdietara iristea pentsatzen zenuten, eta azkenean, finalerako sailkatu zarete. Pozik, ezta?
Bai. Oso talde orekatua dugu, hiru bikoteak maila ona baitute. Beste herri batzuek maila batean bikote ona dute, baina beste batean ez… guk kadete oso onak ditugu, jubenil onak eta helduetan moldatzen gara, beraz, azkenean, taldea orekatua dago.
Donostiako taldean zeintzuk jokatuko dute finala?
Kadeteetan, Iñigo Bikuña eta Jon Alberdi; jubeniletan, Julen Chiapuso eta Mikel Aranguren; eta helduetan, Xabi Ortiz de Urbina eta Iker Urmeneta.
Zer dakizute Oiartzungo taldeari buruz?
Ez ditut jokatzen ikusi aurten. Iaz bai, baina taldea aldatu egin dute. Helduetan uste dut izango dugula zailtasunik handiena, kadeteetan eta jubeniletan irabaz dezakegu, baina partidak jokatu egin behar dira. Teoria oso ongi dakigu, baina frontoian praktikan jarri behar da.
Aurten, gainera, Donostia herriarteko pala txapelketako garailea izan da. Esku pilotan ere irabaztea oso albiste ona litzateke, ezta?
Bai, ea kasu pixka bat gehiago egiten diguten. Atano III.a erabiltzeko aukera herriartekoak irauten duen hilabeteetan bakarrik daukagu, eta urte guztian eduki nahiko genuke. Horrela, taldea sendotzeko, eta urte osorako talde bat osatzeko, ongi entrenatuz. Desabantailan gaude horretan beste klubekiko. Beste herri batzuek urte osoan egiten dute herriartekorako entrenamendua, guk maiatza eta ekaina erabiltzen ditugu, eta bakoitzak bere klubarekin entrenatzen du. Partidak Atano III.ean jokatzen ditugunez, ondo egongo litzateke gutxienez astean behin bertan entrenatzeko aukera izatea, urte osoan. Horren atzetik gabiltza eta ea udalarekin adostasun batera iristen garen.
Datuei begiratuz, urteak dira Donostiak herriartekoa irabazten ez duela, eta azkenekoz, 2011an iritsi zen finalera.
Nik ongi gogoan ditut 1980ko hamarkadako finalak, pilotaria bainintzen orduan. Eibarren uholdeek harrapatu gintuzten entrenatzera joan ginen egunean, eta gaua han igaro behar izan genuen, dena urez bete zelako eta errepidera zuhaitzak erori zirelako.
Nola dago taldea? Urduri daude pilotariak?
Zailena, azkenean, gazteenak dira. Zaharrenek beste heldutasun maila bat dute, baina gazteek beldurra ematen didate. Urduri jarri daitezke, baina gu lasaitzeko egongo gara.
Zaleak espero dituzue?
Donostian oso zaila da frontoian giroa lortzea, desabantailan gaude alde horretatik, beti etxetik kanpo jokatzen dugu. Donostia hiria da eta ez dugu beste herrietan egoten den giroa lortzen.