Naroa Perez gimnastak zilarrezko domina eskuratu du Espainiako txapelketan
Donosti klubeko kidea bigarren sailkatua izan da baloiarekin egindako ariketetan.
Donosti gimnasia erritmiko klubeko Naroa Perezek zilarrezko domina eskuratu berri du, Espainiako bakarkako txapelketan. Sei jardunalditan jokatu zuten txapelketa, Granadako kiroldegian, eta botatako izerdiek merezi izan zuten. Baloiarekin aritu zen Perez, eta joan den larunbatean finalerako txartela lortu zuen. Igandean, 10,700 puntu lortu zituen, eta hala, junior mailako zilarrezko domina eskuratu zuen. Txapelduna Saioa Agirre izan zen (Sakoneta). Gainera, aroarekin hirugarren euskal gimnasta izan zen Perez, eta baloiarekin bigarrena; beraz, junior mailako erregioen sailkapenean zilarrezko domina eskuratu zuen. Hala, klubaren historian ibilbide politena osatzen ari den gimnasta bihurtzen ari da Perez.
Donosti klubak hainbat gimnastekin parte hartu zuen txapelketan: Lau haur mailan, Anne Lezea bakarka eta Loreto Anabitarte, Nora Gastesi eta Leire Martin taldean; lau heldu, Almudena Juaristi, Claudia Morlan eta Aitziber Pousa taldean, eta Violeta Orlando Izar Lekuko talde batean; eta bost junior, Naroa Perez bakarka eta Maria Fraile, Sara Juaristi, Paula Lasarte eta Carla Perez taldean. Orokorrean, kluba gustura geratu da bere gimnastek erakutsitako mailarekin, eta akats gutxi egin zituztela dio.