Palestinak, Feroe uharteeek eta Azerbaianek talde bana izango dute Donosti Cup futbol txapelketan
Uztailaren 7tik 12ra nazioarteko 423 talde lehiatuko dira Donostiako eta inguruetako herrietako zelaietan.
Iristear da aurten ere bertako eta hainbat herrialdeetako haur eta gaztetxoak batzen dituen futbol txapelketa, Donosti Cup. Guztira, 423 talde arituko dira nor baino nor aurtengo lehian, uztailaren 7tik 12ra, eta Donostiako eta inguruko herrietako hainbat zelaietan jokatuko dituzte partidak. Palestina, Feroe uharteak eta Azerbaiandik iritsitako taldeak izango dira 23. ekitaldiko berezienak, baina urtero legez, hainbat txokotako jokalariek bat egingo dute: Portugal, Belgika, Espainia, Alemania, Katalunia, Ingalaterra, Kanada, Mexiko, Ekuador, Nigeria, Sahara, India… Guztiaren berri eman dute, gaur eguerdian, Easo kaleko 2016 Gunean egindako aurkezpenean. “Askotan hitz egiten dugu hiria bizitzaz eta kolorez bete behar dugula, eta Donosti Cup-ek hori egitea lortu du. Donostia ez litzateke berdina izango uztailean ez balitzateke Donosti Cup jokatuko. Nazioarteko topaketa bat da, eta hiria ezagunagoa egitea lortu du. Modan gaudela esango nuke”, aipatu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Gainera, Izagirreren ustez, Donosti Cup adibide argia da kirolak baloreak transmititzeko balio duela ikusteko. “Aniztasunak guztiak aberasten gaitu, eta beharrezkoa da herri baten eraikuntzan”, gehitu du alkateak.
Palestinako taldea Donosti Cup in the world programari esker gonbidatu dute. Zehazki, Jerusalem ekialdetik etorriko da, Jesus Artetxeren bitartez. Izan ere, Jerusalemgo Silwan auzoan zegoela, futbolean oinutsik jolasten zuen talde bat ezagutu zuen Artetxek, poliziaren kontrolpean, gainera. Bisak eta hegazkin txartelak prest dituzte, baina oraindik aireportuko agindari israeldarren itaunketa igaro beharko dute. “Palestinak leku bat behar du munduan, eta ukatu egiten diete”, aldarrikatu du Artetxek aurkezpenean.
Sekula baino emakumezkoen talde gehiago izango ditu Donosti Cup-ek, 80 guztira. Horien arten, Azerbaiango taldea egongo da, bere selekzioarekin parte hartuz. Hala, datorren urtean jokatuko duen 18 urtetik beherakoen Europako Txapelketa prestatzea du helburu. Gipuzkoako emakumeen taldeek ere ez dute hutsik egingo, tartean izango direlarik Añorga, Oiartzun, Intxaurdi, Hernani eta Urnieta, besteak beste.
Integrazioaren aldeko txapelketa, asteartean
Donosti Cup-ek elkartasunaren eta integrazioaren aldeko apustua egiten du urtero. Hori dela eta, elbarriei ere euren elkartasuna erakusketako asmoz, Integrazioaren aldeko txapelketa antolatu du, Atzegi eta Adecco Fundazioarekin elkarlanean. Anoetako estadio txikian jokatutako dute txapelketa, datorren asteartean, 20:00etan.
Urritasun psikologikoak dituzten 20 mutil, eta Donosti Cup-eko beste 20 jokalari izango dira txapelketako partaideak, bakoitza herrialde batekoa. Guztien artean lau talde osatuko dituzte, eta bakoitzak bi partida jokatuko ditu.
Esan bezala, astelehenean hasiko da txapelketa, eta dagoeneko partida guztien ordutegiak zehaztuak topa daitezke txapelketaren webgunean.