Ubarroiak kofradia sortu dute Grosen
Ubarroia uretako hegazti bat da, eta arrainak dira bere elikaduraren oinarria. Bada, Ubarroiak izena du Groseko auzotarrek Donostiako Aste Nagusirako sortutako kofradia. Hainbat bilera egin eta gero, taldea osatu dute. Momentuz, hemendik egun gutxira Groseko Zipotz jaietan egingo duten aurkezpenaren zain, facebook orrialde bat zabaldu dute eta email bat jarri dute herritarren eskura, kofradian parte hartu nahi duen edonori zuzendua: grosekokofradia@gmail.com.
Piraten mugimenduak sortutako azken kofradia da Ubarroiak. Horrenbestez, zortzi dira momentuz abian diren taldeak: Sardiñerak, Xibaro 77+, Moko, Eskifaia, Pirata Bihurriak, Aingura, Kalepoza eta Ubarroiak. Azken hiruak aurten sortutakoak dira. Hain zuzen ere, urte hasieran antolaketa eredu berri bat adostu zuten Piratek, kofradiek lekukoa har zezaten.