Zubietako eskola handitzen hasiko dira udan
Haur Hezkuntzako ikastetxeetan konponketa eta hobekuntza lanak egiteko 890.000 euroko inbertsioa egingo du Donostiako Udalak; udako oporraldia baliatuko dute lanak egiteko.
Haur Hezkuntzako ikastetxeetan hainbat mantentze eta konponketa lan txiki egingo dituzte udan. Lan horiez gain, bi proiektu nabarmendu ditu Naiara Sampedro, Hezkuntza zinegotziak: Zubietako eskolaren handitzea eta Amarako Barkaiztegiko haur eskola berria.
Proiektu hauetako bakoitzak 350.000 euroko aurrekontua du, eta egitasmoen lehiaketa nahiz obra zuzendaritza ostiral honetan onartuko dituzte, Tokiko Gobernu Batzordean.
Sampedrok udal gobernuak kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten duen apustua nabarmendu du; “Hezkuntza sailaren aurrekontu orokorra 6.900.000 eurokoa da, eta diru horretatik gehiena instalazioak hobetzetzeko erabiltzen da”.
Barkaiztegiko haur eskola
Amarako haur eskola berriak hiru unitate izango ditu; bat 0-1 urte bitarteko haurrentzat, eta beste bi 1-2 urte bitartekoentzat. Guztira 34 leku izango ditu.
Lanak irailean hasiko dira eta lau hilabetean egingo dituzte. Hortaz, 2015eko urtarrilean abian jartzea espero dute haur eskola berria.
Iaz Haurreskolak Partzuergoarekin sinaturiko hitzarmenean jasota dago haur eskola hau.
Zubietako eskola txikia
Hezkuntza zinegotziaren arabera, Zubietako eskola txikia handitzean, azkenik erantzuna emango zaio eskola komunitateak 2009z geroztik egin duen eskaerari.
Gaur egun, 44 ikasle ditu Zubietako eskolak, eta eskola txikien hezkuntza eredua garatzen dute bertan. Leku faltagatik aurrez fabrikatutako moduluetan ikasten dute ikasle zaharrenek. “Eskola handituta baldintza duinetan ikasi ahal izango dute ikasleek”, esan du Sampedrok.
Egungo eraikinari 350 metro koadroko modulu berri bat gehituko zaio, eta bertan hiru ikasgela, jantoki gunea, eta bi komun egokitu jarriko dituzte. Abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran lanak hasi, eta 2015eko urtarrilean ikasleak modulu berria erabiltzeko moduan izatea espero dute.
Donostiako Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko Udalaguntzak programaren bitartez finantzatuko dute Zubietako eskolaren handitzea. Hala, Eusko Jaurlaritzak Zubietako lanen eta hiriko beste hiru ikastetxetan egin beharreko lan txikien aurrekontuaren %60a ordainduko du.
Dena dela, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak “berandu eta murriztuta” datozela salatu du Naiara Sampedrok. Hezkuntza zinegotziaren arabera, orain arte, 600.000 euroko ekarpena jasotzen zuten urtero, eta oraingoan, 270.000 euro jaso dituzte. Eusko Jaurlaritza hezkuntza alorrean egiten ari den murrizketak salatu ditu Sampedrok.
Murrizketa horiengatik hain zuzen ere, aurreikusitako hainbat lan egin gabe geratuko direla esan du Hezkuntza zinegotziak. Altzako eskolako kanpoko jolastokia estaltzea eta Katalina Erauso ikastetxeko leihoak berritzea, esaterako.
Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko duten lanak honakoak dira: -Jakintza ikastetxeko teilatua irazgaitz bihurtzea (41.000 euro)
-Amara Berri Salaberriako teilatua irazgaitz bihurtzea (18.000 euro) -Amara Berri Urbietako irisgarritasuna bermatzeko arrapala egitea (41.000 euro).
Gainontzeko lan guztiak udal ekarpenari esker finantzatuko dituzte. Honakoak dira ikasleen oporraldian egingo dituzten lan batzuk:
-Amara Berriko Urbietako teilatuak konpontzea (68.000 euro),
-Hainbat ikastetxetan emergentzia alarmak jartzea (55.000 euro) eta emergentzia argiak berritzea (18.500 euro)
-Zuloa haur eskola egokitzea (45.000 euro)
-Arantzazuko Ama ikastolako patioa berritzea (37.000 euro)
-Amara Berriko Salaberrian gas naturaleko galdarara aldatzea (34.000 euro)
-Ibai ikastolan biomasa galdarara aldatzea (30.000 euro)
-Katalina Erausoko komunak berritzea (30.000 euro)
-Oletako Harri Berriko komunak berritzea (15.000 euro)
-Herrera ikastetxeko (7.000 euro) eta Jakintza ikastolako (7.000 euro) igogailuen hargune elektrikoa ezartzea
-Ametzagainako Aitor ikastetxea teilatuaren zati bat irazgaitz bihurtzea (6.000 euro) eta Egiako Aitor ikastolan gas naturaleko galdarara aldatzea (4.000 euro).
Naiara Sampedroren arabera, lan hauen guztien helburua ikasturte berria baldintza hobeagoetan hastea da.