Artxipi parkea hondatzen ari dela salatu du EAJk
Parkearen egoera lehenbailehen konpontzeko eskatu dio Juan Karlos Izagirreri.
Alderdi jeltzalea kezkatuta agertu da Altzako Artxipi bidean dagoen parkearen egoera dela eta. “Udal gobernua ez da behar bezala zonaldea mantentzen ari, eta jendeak erabil dezan oztopo bat da. Beharrezkoa da udalak lehenbailehen parkea baldintza egokian jartzea”, adierazi du EAJko Martin Ibabe zinegotziak.
Molinaoko erreka inguruan kokatuta dagoen berdegunea da, Pasaiako mugatik gertu. Parkeak umeentzako jolas parkea, futbolean aritzeko eremua eta askaltegi bat duela azaldu du Ibabek. Hala ere, guztia “oso hondatuta” dagoela esan du, “mantentze lanen faltagatik”, alegia.
Horrenbestez, eta erabiltzaileak kontuan hartuta, zinegotzi jeltzaleak interpelazio bat egin dio Juan Karlos Izagirre alkateari, Donostiako Udalak Artxipi parkea zergatik ez duen behar bezala mantentzen galdetuz. “Hondatze egoera lehenbailehen konpondu behar da”.