Autobus hibridoa. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Hasieran, bederatzi autobus erosiko dituzte eta 2014 eta 2015 bitartean abian jarriko dituzte.
Dbusek dituen autobus zaharrak berritzeko plana jarraituz, hamabi metroko ibilgailu berriak erosiko ditu. Guztiak hibridoak izango dira, ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko Dbusek duen konpromisoa mantenduz. Erosketak bi fase izango ditu: lehenengo, bederatzi autobus erosiko dituzte, 2014an eta 2015ean jarriko dituzte martxan; ondoren, beste bederatzi gehiago erosteko aukera izango dute. Beraz, gehienez, hemezortzi ibilgailu erosiko dituzte. Honela, Donostia autobus hibridoen ehunekorik handiena duena hiria izango da.
Dbusek hiriko autobusen lehiaketa batean osoki autobus hibridoen soluzio baten alde egiten duen lehen aldia da, eta erosketa SOLARIS Bus & Coach enpresari esleitu zaio. Euro 6 igorpen teknologia duen SOLARIS Urbino Hybrid 12 modeloa da aurkeztutako eskaintzetatik aukeratutakoa. Teknologia berri honek kutsadura murriztea ahalbidetzen du. Dbusek dagoeneko autobusak probatu ditu, eta laster errepidean egongo dira.
Ezaugarriak
Propultsio elektrikoa eta diesela konbinatuta eta Euro 6 teknologiako motorrak erabilita, erregaietan %25-30 aurreztea ekarriko du. Era berean, eguratsera 225 tona CO2 gutxiago igorriko dira urtean, hirian egurats garbiagoa eta osasungarriagoa egotea bermatuta.
Autobus berriak ekologikoagoak dira eta ingurumenarekiko errespetua dute; izan ere, Litio ioi bateriez eta Start-Stop sistemaz hornituta daude, eta, beraz, geldialdietan modu elektrikoan baino ez dute funtzionatuko, gasik igorri gabe eta ingurunean kutsadura akustikorik sortu gabe. Gainera, geldiunetako energia birsortzeko duen funtzioari esker, motorrak geldiunez baliatuko da elektrizitatea sortzeko eta propultsioko bateriak kargatzeko.
Bidaiarien premietara egokituak
SOLARIS autobus berriak Dbusentzako pertsonalizatuak izango dira, bidaiarien egungo beharretara egokituta egongo dira eta. Hala, eskuragarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagokionez, Dbusek egindako eskakizun guztiak beteko dituzte. Gurpildun aulkientzako zoru baxua eta sartzeko arrapala dute; ibilgailuaren zorua eta geltokia altuera berean jartzeko makurtzeko sistema bat dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak, gurpildun aulkian doazenak eta haurren kotxeak errazago sar daitezen; mugikortasuna murriztuta dutenentzako eserlekuak ere badituzte; eta autobusen barrualdean zein kanpoaldean itsuentzako eta ikusmena murriztua dutenentzako informazio sistema akustikoak ere bai. Horretaz gain, ateetan kamerak izango dituzte eta atzera egiten dutenean atzekoa ikusteko beste bat ere bai. Horiekin bidaiariak igotzean eta jaistean segurtasuna handituko da, baita gidariek maniobrak egiten dituztenean ere.
Egun, Dbusek autobus hibrido bat du, eta autobus horren emaitzak bikainak izan direla diote, erregaian espero zena baino gehiago aurreztu baita.