Hainbat lagunek "Donostia ez dagoela salgai" aldarrikatu dute
Can Vies eraikin okupatuaren alde agertu dira, eta Xavier Triasen presentzia salatu dute.
Donostiako Sustapenak antolatutako jardunaldien harira, zenbait lagunek protesta egin dute Juan Karlos Izagirre eta Bartzelonako alkate Xavier Trias Talent Housera iritsi direnean. Helburua, Bartzelonako hiri eredua eta antolatu duten bilkura salatzea.
Hamabost lagun inguruk pankarta bat zabaldu dute eta Herriak eta auzoak bizirik!, Donostia ez dago salgai, 2016 desokupatu edota Can Vies elkartasuna bezalako aldarrikapenak irakur zitezkeen. Protestan zegoen gizon bat alkateengana hurbildu da, eta elkarretaratzearen arrazoia azaltzen duen orria eta Bartzelonako Can Viesen gertatu denaren inguruko artikulu bat eman dizkie.
“Duela aste batzuk Bartzelonan eraitsi duten Can Vies-eko zentro sozialeko kideak izan genituen Donostian eta Euskal Herrian, Bartzelonako hiri eredu itogarri, neoliberal eta depredatzailearen aurrean autogestioaren bidetik egiten ari diren lanaren berri emateko. Orduan gure artean izan genuen Ivan Miro kideak Bartzelonako hiri-ereduen gatazkaz idatzitako artikulu bat atxikitzen dugu”, adierazi dute bertaratu direnek.