Igeldo eta Zubietako eskola txikiak diruz laguntzea onartu dute
Guztira, 6.800 euro jasoko dituzte bi eskolek; 3.900 euro Igeldokoak eta 2.900 euro Zubietakoak.
Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu ditu Igeldo eta Zubietako eskoletako guraso elkarteetara bideratuko dituzten diru laguntzak. Donostiako Udalak 2012an ekin zion eskola hauek diruz laguntzera, eta aurten hirugarren urtea izango da. Orotara, 6.800 euro bideratuko ditu udalak; Igeldoko eskola txikiak 3.900 euro jasoko ditu, eta Zubietakoak 2.900 euro.
Igeldon zaintza gela, igerilekurako garraioa eta eskola txikien urteko jaira joateko autobus zerbitzua izan dezaten bideratuko dute dirua. Zubietan, berriz, eskolaz kanpoko jardueretarako, igerilekurako joateko autobus zerbitzurako, aste kulturala antolatzeko, ingelesezko eskoletarako, antzerki eta dantza saioetarako eta udako txokoak antolatzeko izango da diru laguntza.
Hezkuntza zinegotzi Naiara Sampedrok ekarpen honen helburua beste hezkuntza eredu baten bideragarritasuna babestea eta ikastetxe horietako ikasleen aukera berdintasuna bermatzea dela: “Eskola txikiek berezko ezaugarriak dituzte, eta hirigunean egon ez arren, aukera berdinak izan behar dituztela uste dugu”. Zinegotziak gaineratu du eskola hauek “apartekoak, eredugarriak” direla eta babestu eta sustatzea beharrezkoa dela.