Tabakaleraren proiektu kulturalak lau ardatz izango ditu
Eraikina lau espazio nagusietan banatuko da.
Tabakaleraren lanak amaitzeko urtebete gelditzen den honetan, proiektu kulturalaren nondik norakoak azaldu eta eraikinaren espazioak erakutsi dizkiete gaur goizean arduradunek komunikabideei. Datorren urteko udatik aurrera, Tabakalera “kultura garaikidearen sorburu eta topagune izango da” eta ondorengo eragile kulturalek bultzatuko dute proiektua: Etxepare Institutua, Donositako Zinemaldia, Kutxa Gaizarte Ekintza ets Euskal Filmoteka.
Kultur proiektuak lau multzo desberdin landuko ditu: laborategiak, praktika artistiko garaikideak, hezkuntza proiektuak eta ubik izeneko mediateka. Horiek guztiak sortzaile zein herritarrei eskainiko dizkiete: “Sortzaileak euren ibilbide profesionala garatzen lagunduko diegu, baina herritarrek ere, nahiz eta sortzaile ez izan, kulturaz modu praktikoan eta sorkuntza landuz gozatzeko aukera izango dute”, adierazi du Tabakalerako kultura zuzendari Ane Rodriguezek.
Multzoak, espazioka
Tabakalerak bere osotasunean 37.000 metro karratu ditu eta bost solairu izango ditu, baina espazio guzti hori lau gune nagusietan banatuko dute.
Laborategiak, sortzaile eta amateurrak teknologia berriekin erlazionatzeko ikaskuntza eta ikerketa espazioak dira. Elkarlanean oinarritutako sormena, prozesu irekiak eta ezagutza partekatua sustatzen dituzte. Robotika, programazioa eta kodea bezalako diziplinak landuko dituzte. Tabakalera martxan jarri bitartean, Hirikilabs proiektua da laborategiak lantzen ari diren proiektua. Laborategiak 2. solairuan egongo dira.
Praktika artistiko garaikideak arreta berezia eskainiko dio ikus-entzunezkoei, praktika garaikideei eta espezializatutako sortzaileei. Bereziki, sorkuntza, hausnarketa eta erakusketa landuko dituzte. Bertan, beraz, erakusketa gela bat, alokatuko dituzten aretoak, eta zinema bat egongo dira, besteak beste.
Hezkuntza proiektuak tokiko sareen bidezko proiektuak sustatu nahi ditu, ezagutza eta amankomunean dauden lan estrategiak bultzatzeko helburuarekin. Azken batean, herritarrei ulergarriagoak egin nahi dizkiete erakundeek egiten dituzten sorkuntza eta praktika artistikoak.
Ubik mediateka kontzeptu berri bat da. Liburutegi berezi hau sorkuntza liburutegi bat izango da, eta hiritarrak sorkuntzara hurbiltzeko parada izango dute. Jendeak gauzak egiteaz gain, jolasteko, denbora pasatzeko, ongi pasatzeko… topaleku bat izango da. Isiltasunezko espazioa ez ezik, “zarata” egiteko aukera ere egongo da, sorkuntza hori landu ahal izateko. Mediatekak hartuko duen espazioa oso handia izango da, eta lehenengo solairuan egongo da.
Horietaz gain, erabilera anitzeko areto bat egongo da, jatetxe bat, kafetegi bat eta ostatu moduko bat. Izan ere, egonaldien programa bat ere garatuko dute. Hau da, atzerriko artistak ekarriko dituzte, eta hemengo dinamiketan txertatzeko aukera izango dute.
Oraindik ez dute programaren berri eman nahi izan, zenbait proiekturen baieztapenaren zain daudelako, baina bi erakusketaren edukiak aurreratu dituzte: “Lehenengoa tokiko artistekin egin nahi dugu; eta, bigarrena, ikus-entzunezkoarekin izango du zerikusia”. Tabakalera bidezidor moduko bat izatea nahi dute, eta 2015eko uda iristeko gogo handiz daude. “Honela, Donostian existitzen den programa kulturala osatuko dugu”.