Joxemi Aierbe loiolatarra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Loiolako Euskotreneko geltokiaren lanak 2010ean hasi ziren, baina gaur egun geldirik daude. “Behin behineko horma eraiki da soilik eta ingurua egoera penagarri batean dago”, salatu du Loiolako auzo elkarteak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuan ez du dirurik aurreikusi lanekin jarraitzeko. Hortaz, loiolatarrek mobilizazioak deitu dituzte, lanak buka ditzaten eskatzeko. Atzo egin zuten bigarrena, eta ehun lagunetik gora elkartu ziren. Bertan izan zen Joxemi Aierbe (Loiola) auzotarra, eta IRUTXULOKO HITZAk berarekin hitz egin du, geltokiaren proiektuaren garapena nolakoa izan den jakiteko, eta euren egoera ezagutzeko.
Nola hasi zen Euskotreneko geltoki berria egiteko ideia?
Duela hiru urte lanekin hasi ziren. Garai hartako Eusko Jaurlaritzak proiektu oso polita aurkeztu zuen, argazki eta guzti. Auzoa banatzen duen pareta kendu, eta horren ordez biaduktu eta geltoki berri bat jarriko zutela esan ziguten. Topoaren bide bakarra zegoen, eta maiztasuna handitze aldera, bi bide egingo zituztela esan zuten, eta lanak 2011. urterako amaituta egongo zirela.
Baina orain proiektu hori geldirik dago.
Bai, zubi zaharra kentzen ari dira, besterik ez. Proiektua aurkeztu bezain laster, lanekin hasi ziren; baina orain, lanekin jarraitzeko dirurik ez dutela esan digute, euren aurrekontuan ez dagoela.
Lanak noiz amaituko diren badakizue?
Ez. 2015eko aurrekontuaren zirriborroa hemendik gutxira aurkeztuko dute, eta bertan Loiolako lanak bukatzeko partida bat jartzen badute lanek, gutxienez, 2017ra arte iraungo dute.
Lanen atzerapen honek zer suposatu du auzoan?
Orain, pareta bat beharrean, bi ditugu ; auzoa gero eta banatuagoa dago; errepidea eta aparkalekuak kendu dizkigute; jaietako postuak jartzeko ere toki gutxiago daukagu…
Donostiako Udaletik edota Eusko Jaurlaritzatik azalpenak ematera etorri dira ?
Donostiako Udaleko gobernua etorri zen bilera batera, eta une horretan egoera nola zegoen aurkeztu zigun, kultur etxean. Eusko Jaurlaritzako arduraduna ere etorri da; eta Gasco ere hemen izan da. Bakoitzak bere bertsioa eman digu, baina guri berdin zaigu Eusko Jaurlaritzan nor dagoen; gauza da lan horiek bukatu behar direla.
Alderdi politikoekin ere bildu zarete, ezta?
Bai. Udaleko talde guztiekin bildu gara, banaka banaka. Denek hitz politak eta gurekin daudela esan ziguten, baina ez da nahikoa. Ez dakit zer presio egin dezaketen, guk arazo honi amaiera eman nahi diogu, larria baita.
Egoera honen aurrean, zer egin duzue?
Bilerez gain, bitan mobilizatu gara. Martxoan manifestazio jendetsu bat egin genuen, Loiolako kaleetatik zehar. Oraingo honetan, berriz, topoa erabili dugu. Auzokideei Loiolako tren geltokian elkartzeko dei egin diegu. Topoa hartu eta Easoko geltokira joan gara, han Euskotreneko egoitza dagoelako. Bertan, zarata pixka bat egin dugu, lanak buka ditzaten eskatuz.
Mobilizazio horietan, zer da aldarrikatzen duzuena?
Beraien hitza betetzea. Aurkeztu zuten proiektua aurrera eramatea lehenbailehen. Ez dagoela dirurik diote, baina dirua badute, ehundaka milioi ordaintzen ari direlako, adibidez, abiadura handiko trena egiteko; topoa ere Donostiako hondartzara iritsiko dela esaten dute… Horiei buruz ezin da hitz egin, gure bukatu arte.
Nolakoa izaten ari da da egiten ari zareten protesten erantzuna?
Erantzuna oso ona izaten ari da. Auzo txikia izanik, jende pila gara. Lehenengo manifestazioa xumea izan zen, baina nork espero zuen 200 pertsona elkartzea? Oso erreta gaude, hirugarren mailako auzo bat dirudigu, baina egoera larria da, eta jendea ez da geldirik egongo.
Beste mobilizazio batzuk egingo dituzue?
Ez daukagu oraingoz zehaztuta hurrengo pausoa zein izango den, baina intentzioa bai. Jendearen erantzuna ikusita, are gehiago. Beharbada Loiolako jaietan, edo jaiak pasata… uda ez garairik onena.