'Ategorrietako zabortegia, Bordatxipi kaleko 12. zenbakian'
Xabier Rico Bordatxipi kaleko 14. zenbakiko presidenteak bizilagunen kezka baten berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri:
Ategorrietako etxe batek abandonatua daramatza urte batzuk; Bordatxipi kalean, 12. zenbakian, auzoko pilotalekuaren ondoan. Etxe honek urrutiko oinordeko ugari omen dituenez, urtetan eta urtetan inongo seniderik ez da arduratu gutxieneko mantenu lanak egiten. Hori dela eta, etxeak kalte eta arrisku ugari sorrarazten dizkie inguruko bizilagunei: arratoiak, egoera kaskarrean dauden teilak eta tximinia, kristal hautsiak, usoen zirinak…
Azken boladan, pertsona ugari hasi dira bertaratzen; eta, lo egiteaz aparte, janari arrastoak, koltxoi zaharrak, eta abar botatzen dituzte kale aldera; hau da, aurreko aldeko terrazara, eta atzeko aldeko belardira. Beraz, etxe inguru guztia zabortegi hutsa bihurtu dute.
Etxe ondotik pasatzean zimaur usai sarkorra ere sumatzen da. Egunez, euliak eta usoen zirinak nagusi dira; eta gauez arratoien mugimenduak.
Inguruko bizilagunak oso kezkatuta gaude eta administrazioaren iniziatiba faltaz etsita. Askotan jo dugu udaleko hainbat ataletara, Osasunera, Hirigintza eta Ingurumenera; baina ez dute ezer egin.
Orain dela gutxi, sute bat sortu zen etxe honen sarreran eta suhiltzaileek etorri behar izan zuten. Etxe honen fatxada eta honekin itsatsita dagoen 14. zenbakikoa oso zaharrak direnez eta barruko egiturak egurrezkoak direnez, askotan pentsatu dugu ea gure destinoa ez ote den izango Trintxerpeko Gabonetan gertatutako sute hura ere.
Bestetik, udaltzainak eta ertzainak askotan etortzen dira etxea arakatzera eta “ez pasatzekoª zinta zuri-gorriak jartzen dituzte, baina “okupek” egunero hortxe jarraitzen dute. Ertzainek berek ere esan ohi digute ezin dutela besterik egin.
Ategorrietako bizilagunok urtetan eta urtetan pairatzen ari garen kalteak ez luke ezta egun bat ere iraungo Kontxako badian!
Noizko auzokideon arteko berdintasuna?