Cervantes plazako eskulturaren egoera salatu du PSE-EEk
On Kixoteri esku bat eta lantza zati bat falta zaizkio, eta bere zaldiari sokazko uhala jarri diote, metalezkoaren lekuan.
Kontxako pasealekuan dago On Kixoteren eskultura. Jende ugari ibiltzen den lekua da, eta sozialisten arabera, eskulturaren egoerak “utzikeria” erakusten du. On Kixoteri esku bat eta lantza zati bat falta zaizkio. Marisol Garmendia, zinegotzi sozialistak adierazi duenez, “ez da lehen aldia lantza apurtzen dutena. Berritu orduko apurtzen dute, eta egileak ez dira konturatzen euren arduragabekeria bakoitza 600 euro inguru kostatzen zaigula donostiarroi”.
Eskultura konpondu eta hain irisgarria ez izateko nolabaiteko neurriak hartzeko eskatu du PSE-EEk. Izan ere, “jendea eskultura gainera igotzen da, eta iturri txiki bat ere baduenez, sarritan irristatu egiten dira”, esan du Garmendiak. Arrisku horiek ekiditeko eta eskultura babesteko neurriak hartzea nahi dute.


