Udalak 305.000 euro bideratuko ditu euskara ikasteko diru laguntzetara
Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean onartuko du euskara ikasteko diru laguntzen partida nagusia, 225.848 eurokoa. Diru hori batetik neguko ikastaroetan eta barnetegietan parte hartuko duten herritarrei laguntzeko izango da, eta bestetik, udako ikastaro eta barnetegietan eta autoikaskuntza ikastaroetan parte hartuko dutenei laguntzeko.
Gutxi gora-behera 1.150 lagunek jasotzen dituzte urtero donostiarrei edo hirian lan egiten duten herritarrei zuzendutako diru laguntzak. Bestalde, euskalduntzea sustatzeko helburua duten laguntzen artean, xede berezietako taldeak ere badaude. Aurten hamabost talde aritu dira: merkatari eta ostalariak, 2-7 urteko haurrak dituzten gurasoak, kirol monitoreak eta etorkinak, besteak beste. Hauentzat 42.255 euro bideratuko ditu udalak.
Langabeek, doan
Bigarren urtez, Donostian erroldatuta dauden langabetuek euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte datorren ikasturtean ere, doan. Euskara Zerbitzuak ikastaro hauek antolatu ahal izateko 38.000 euro emango dizkie euskaltegiei. Aurreko ikasturtean hamar talde sortu ziren, eta guztira 106 langabetu aritu ziren euskara ikasten.
Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduraduna oso pozik agertu da langabetuei zuzendatuko programak izan duen harrerarekin: “Langabetuei bideratutako diru laguntza hauek bi helburu uztartzen dituzte. Batetik, euskalduntzea indartzea, eta bestetik, egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea”, esan du Txapartegik.
Langabeen ikastaroak urriaren 13an hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira; ikastaroetara joatea derrigorrezkoa izango da. Matrikulatzeko epea irailaren 3tik 19ra egongo da zabalik, eta ofizialki onarturiko edozein euskaltegitan eman daiteke izena. Nahikoa izango da langabezian egotea izen ematea hasten den datarako, irailaren 3rako.