Auzoetan jasotako proposamenak aztertzen hasiko dira 2015eko aurrekontuetan txertatzeko
Ebaluazioa politikoa (uztailaren 9tik 16ra)
Udal gobernuaren ildo politikoen arabera aztertuko dituzte proposamen guztiak.
–Azterketa teknikoa (uztailaren 16tik irailaren 26ra)
Dagokion saileko teknikariek proposamenen azterketa teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa egingo dute.
–Zuzendarien erantzuna (irailaren 29tik urriaren 3a arte)
Udal arlo bakoitzeko arduradunek proposamenek euren sailetan izango luketen lekua baloratuko dute.
–Udal gobernuaren azken proposamena (urriaren 6tik 13ra)
2015eko aurrekontuaren zenbatekoa ikusirik, udal gobernuak bertan txertatzeko proposamenik egokienak aukeratu beharko ditu.
Jakak adierazi duenez, “modu honetan hurrengo aurrekontuak gardenagoak, parte hartzaileagoak eta eraginkorragoak izango dira, herritar guztien artean adostutakoak izango direlako”.
Auzo eta Herriak Donostia Indartzen parte hartze prozesuaren bitartez 220 proposamen jaso dituzte. Orain, prozesuaren hirugarren faseari ekingo diote, eta urria bitartean proposamen guztiak aztertzen arituko dira, egokienak 2015eko aurrekontuetan txertatu ahal izateko.
Udal gobernuak legealdi hasieran abian jarritako parte hartze prozesuak aurrera darrai. Bigarren fasean, auzoz auzo jasotako proposamenak aurkeztu dituzte gaur udaletxean. Parte hartze prozesuaren balorazioa ere egin dute, eta hurrengo pausoak zehaztu dituzte. Izan ere, Axier Jaka, Partaidetza zinegotziak adierazi duenez, “argi genuen auzoetan eta auzoetatik eraiki behar dela Donostia. Parte hartzeak izan behar du eredu politikoaren oinarri, eta prozesu parte hartzaile honek ez du etenik izango legealdia bukatzen den arte”.
Politika egiteko eredua aldatzen ari direla nabarmendu du Jakak, eta aldaketa horretan guztiek ikasi dutela adierazi du; “auzotarrek, auzo elkarteek eta udal ordezkari nahiz teknikariek”.
Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuaren bigarren fasean auzo elkarteek hartu dute gidaritza. 29 bilera egin dituzte 19 auzotan, auzo bakoitzeko bi bilera eginez gutxi gora-behera, eta 25 auzo elkartek hartu dute parte. Bilera guztietatik, orotara 220 proposamen atera dituzte; lehentasun gehieneko proposamenak dira gainera. Izan ere, partaidetza saileko teknikariek zehaztu zuten prozesua, eta auzo bakoitzak 15 proposamen aurkezteko aukera izan du, bost arlotan banatuta.
-Kultura, euskara eta kirola atalean, 51 proposamen jaso dituzte.
-Hirigintza, ingurumen eta mugikoratasunari dagozkion 63 proposamen.
-Garapen ekonomikoko 28 proposamen
-Gizarte ongizate eta herri babesari dagokionez, 40 proposamen.
-Zeharkako gaietan, 38 proposamen.
Amaia Agirreolea, Partaidetza sailaren arduradunak azaldu duenez, proposamen hauek guztiak lau multzotan sailkatu dituzte: Ohiko gastuei dagozkionak; inbertsioetan sartzen direnak; Administrazioaren funtzionamendua aldatzeko eskatzen dutenak; eta udala eta beste erakundeen arteko kudeaketak eskatzen dituztenak.
Parte hartze prozesuaren balorazioa
Agirreolearen esanetan, “parte hartze prosesuaren bigarren fase honekin 2011n atera genuen argazkia eguneratzen saiatu gara”. Auzotarrek euren auzoetako beharrak aztertu, zerrendatu eta lehenesteko garaian egindako “ariketa arduratsua” nabarmendu du Partaidetza zuzendariak.
Zentzu horretan, auzo elkarteen garrantzia eta egindako lana txalotu ditu Agirreoleak; “Euren ahotik ezagutu ditugu auzoak, auzoetako beharrak, eta auzo bakoitzeko dinamika ezberdinak”.
Bigarren fasean 516 herritarrek hartu dute parte. Aurrekoan baina apalagoa izan arren, parte hartze maila egokia izan dela adierazi dute, “kalitatezko lan kolektiboa” bermatu delako. Agirreolearen esanetan, bileretara joandako herritarren perfila oso anitza izan da, eta eztabaida prozesuak “sakonak eta kalitatezkoak” izan dira. Hala ere, parte hartze handiagoa izateko potentziala badagoela onartu dute, baina kultura politikoa eraldatu ahala, herritarren presentzia handituko dela uste dute.
Zentzu horretan hitz egin du Mikel Picaza, Egiako auzo elkarteko kideak ere. “Frankismo garaitik gatoz, eta herritarrak ez daude parte hartzera ohituta; herritarrek ez dakite beren ekarpenak bideratzen”, esan du Picazak. Egiako bileretan ere “nahiko jende gutxi” izan dela aitortu du, 30 bat pertsona bilera bakoitzeko, baina oso bizipen “aberasgarria” izan dela nabarmendu du.
Auzoko behar nagusiak zerrendatzeko gai izan direla adierazi du Picazak. “Denon artean jasotako proposamen horietako batzuk abian jartzeko gai bagara, herritarrak konturatuko dira euren ekarpenak zeinen garrantzitsuak diren, eta parte hartzeak zertarako balio duen”.
Hirugarren fasea: barne lanketa
Auzoetan jasotako proposamen guztiak aztertzea izango da hain zuzen ere Auzo eta Herriak Donostia Indartzen prozesuaren hirugarren faseko lana. Uztailean hasi eta urria arte iraungo du fase berriak, eta lau ataletan banatuko dute.
–