Manu Chao Zurriolako hondartzako agertokian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostiako Piraten arabera 55.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Zurriola hondartzan.
Manu Chaoren kontzertu arrakastatsuak eman dio amaiera Edozer Dugu Posible egunari.
Edozer zutela posible sinetsi zuten, eta lortu dute. Jai herrikoien aldeko aldarria inoiz baino ozenagoa izatea lortu dute Donostiako Piratek. Urteak dira jai herrikoien aldeko lanari ekin ziotela, Aste Nagusiaren jai ereduarekin zuten kezkak bultzatuta. Hori aldatu nahirik, egitasmo ugari antolatzen hasi ziren; ikusgarriena, abordatzea. Aurten esan daiteke bi aldiz abordatuko dutela Donostia, bart milaka pertsonak bat egin baitzuen bat piratekin, Edozer Dugu Posible egunean.
Auzolanari esker, sekulako arrakasta izan zuen egun osorako prestatu zuten egitarauak. Arratsalde eta gau partean jendetza elkartu zen Zurriola hondartzan eta inguruan. Selektah Stepi DJa hasi zen giroa berotzen, 19:00ak aldera. Ondoren Tania de Sousa igo zen agertokira.
Zuloak proiektuan parte hartu ostean, bakarlari gisa eman duen lehen kontzertua izan zen atzokoa. Donostiako Skakeitan taldeak dena eman zuen. Indartsu aritu ziren, eta erritmo alai eta biziko musikarekin jendea dantzan jartzea lortu zuten.
Iluntzen hasi ahal geroz eta jende gehiago gerturatzen hasi zen Zurriolara. Milaka eta milaka lagun. Donostiako Piratek Twitter bidez zabaldu zuten 55.000 lagun inguru izan zirela atzoko kontzertuetan. Gauean, 22:30ak aldera Manu Chao agertu zen agertokian, eta bi ordu eta erdiko kontzertua eskaini zuen. Publikoa gogotsu zegoen, eta Manu Chaok etenik gabe bata bestearen atzetik jo zituen kanta ezagun guztiekin gozatu zuen. Bukaeran, Tania de Sousa eta Skakeitan taldeko abeslaria batu zitzaizkien Fermin Muguruza eta Manu Chaori eta
Sarri sarri abestiarekin eman zioten amaiera egunari.
Auzolanari esker egun arrakastatsua izatea lortu zuten piratek. Bostehun bat boluntariok egin zuten posible atzo Edozer Dugu Posible eguna.