Etxegintzaren bezeroentzako arreta bulego berria, Goikoa Jauregian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal bulegoak berrantolatzeko planaren baitan, Donostiako Etxegintzak Mandasko Dukearen pasealekuan eta Konstituzio plazan zituen bulegoak Goikoa Jauregira lekualdatu dituzte. Atzo bukatu zuten lekualdaketa, eta oraindik bulego batzuk egokitzen ari badira ere, herritarrei bulego berrian ematen diete zerbitzua dagoeneko.
Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziaren arabera, zerbitzu guztiak eraikin bakarrean bilduta gastuak murriztuko dituzte, eta zerbitzuaren kalitatea ere hobetuko da, “lehiatila bakarrean artatuko baitira herritarren eskaera guztiak”.
Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotzia, bulego berrien atarian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mari kaletik du sarrera Etxegintzaren bulego berriak, eta honako zerbitzu hauek eskainiko dituzte bertan:
-Babes ofizialeko etxebizitzen eskaerak, alokairuan edo jabetzan.
-Hirigintza arloko birgaitzea eta berritze lanetarako izapideak.
-Etxebizitza hutsen kudeaketarako Alokabide udal programa.
Berrantolaketa berriak
Orain arte Mandasko Dukearen pasealekuko egoitzan Etxegintzak erabiltzen zuen egoitzan Ingurumen sailaren atal bat jarriko dute, gaur egun Morlansen dagoena. Izan ere, Morlansen Udaltzaingoaren egoitza jarriko dute, eta bertako bulegoak tokiz aldatzen ari dira. Sustapen saila, adibidez, Etxe Zurira lekualdatu da.
Konstituzio plazan libre geratu diren bulegoekin zer egingo duten ez dute zehaztu oraindik.
Etxegintzaren ikuskatzeak
Etxegintza azken hilabeteetan egiten ari den ikuskatzeei dagokionez, hainbat datu eman ditu Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak. Lehenik eta behin, Etxegintzak dituen etxebizitza guztiak ez dituztela aztertuko argitu du, alokairu kontratua bukatu zaienak edo aurten bukatzen zaienak, baizik.
Orain arte 260 bat alokairuzko etxebizitza publikotako maizterren egoera aztertu dute, eta beste 399 etxebizitza falta zaizkie oraindik lehen fasea amaitzeko. Errotaburuko Lasarte plazakoak eta Serapio Mujikakoak dira etxebizitza hauek. Eta horietako askok urteak zeramatzaten alokairu kontratuak automatikoki berrituz, familia unitateen egoera berrikusi gabe. Intxaurrondon ere antzeko egoeran egon litezkeen etxebizitza publiko batzuk badirela adierazi du Burutaranek, baina bigarren faseko ikuskatzeetan alokairu kontratua aurten berritu behar duten etxebizitzak aztertzeari emango diote lehentasuna, “egoera irregularrak gehiago luza ez daitezen”. Horien artean leudeke, Igeldoko 12 etxebizitza, eta Buenavista eta Martuteneko bi etxebizitza sail ere. Beraz, hauek izango dira bigarren fasean aztertuko dituztenak.
Etxegintzaren kontrol neurri hauei PSE-EEk egindako kritikak “arduragabekeria hutsa” direla adierazi du Burutaranek. Lasarte plazako alokairuzko etxebizitza publikoetako maizter askok gutxieneko errenta gainditzen zutela esan du zinegotziak, eta hala ere, errenta egokituz bertan geratzeko aukera eman dietela gehienei. Egokitzapen horien ondorioz, udalak 130.000 euro jasoko zituela salatu zuten sozialistek, baina Burutaranek guztiz gezurtatu du kopuru hori, askoz ere gutxiago izango dela iragarriz. Gainera, “neurri hauen helburua ez da etekinak lortzea, urte luzez berrikusi gabe egon diren egoerak eguneratzea baizik”, gaineratu du Burutaranek.
Alokairuzko etxebizitza sozialetan (25.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenak urtean) zeuden maizterrek, 175 eta 200 euro artean ordaintzen dituzte hilean. Diru sarrerak gainditzen dituzten familiek, euren errentaren arabera alokairua egokitu ondoren, 450 eta 500 euro artean ordaindu beharko dute hemendik aurrera.