Bi haur, ‘Karmentxu’ balearen aurrean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Bart eman diote bukaera auzoko jaiei, lau eguneko festen ondoren.
Horitxo, Amets, Maritxu, Clotilde, Txiki…Hainbat izen proposatu dituzte auzotarrek, baina azkenean
Karmentxu aukeratu dute. Auzoak itsasoarekin duen lotura dela eta, izen aproposena dela erabaki dute Amara Osinagako bizilagunek. Eta hala bataiatu dute jaietako ikur bihurtu den balea.
Bart, jaien bukaeran, iragarri zuten albistea, eta auzotarrek txalo artean ospatu zuten. Hain zuzen, bart esan diote agur Karmentxu baleari, Gregorio Ordoñez kalean egin ohi duten ekitaldian. Globoz egindako bale erraldoi hori bat askatzen dute festei agur esateko; balearen igoera deitzen diote.
Cava kopatxo batekin topa egin zuten auzotarrek, eta arratsaldean egindako txapelketan prestatutako bizkotxoa dastatu zuten. Auzoko danborradak kale eta plazak girotu zituen arratsaldean, balearen igoera iritsi arte. Une horretan gainera, Iñaki Zubimendi zuzendariak kargua utziko zuela iragarri zuen. Hunkituta, zuzendari berri baten beharra azaldu zuen, eta danborradari agurra eman zion.
[Gallery=176]