Cristobal Balentziagaren soineko bat gehitu diote 'Frivolite' erakusketari
San Telmo Museoko areto historikoetatik 5.000 bisitari igaro dira jada, ekainaren erdialdetik.
San Telmo Museoak XVIII. mendeko jantzien bilduma jarri zuen erakusgai lehenengoz, ekaina erdialdean, Frivolite izenpean. Museoko areto historikoetan banatu zuten erakusketa; Kapitulu Gelan, Etxeberritarren kaperan eta Sakristian; eta bertan, 42 soineko eta jantzi jarri zituzten erakusgai, irailaren 28a arte. Museoko arduradunek emandako datuen arabera, dagoeneko 5.000 bisitari baino gehiago izan ditu erakusketak. Gaur, gainera, beste soineko bat gehitu diote erakusketari, Cristobal Balentziaga Museoari esker. Getariako jostunak 1956an sortutako soineko bat da, urdin turkesa kolorekoa, eta Napoliko gross oihalean egina. Silueta tradizionala du, gorputza oso estua eta gona oso zabala, kutsu historizistarekin. Adituen esanetan, iraganeko eta egungo moda harremanetan jartzen ditu. Izan ere, Balentziaga moda historikoaren oso zalea zen, eta soineko hori diseinatzeko garaian, XVIII. mendeko polonesen drapeatuak erabili zituen. Carmen Beamonte Comingesen dohaintza izan da.
Sarrera merkeagoa
Bestalde, Getariako eta Donostiako museoek akordio bat sinatu dute. Hala, museoko bakoitzeko bazkideek beste museoan sartzeko sarrera murriztua izango dute; eta gainontzeko bisitariek, berriz, museo bat bisitatu ostean, beste museoan sarrera murriztua izango dute. San Telmo Museoko sarrerak 6 euro balio du, eta sarrera murriztua 3 eurokoa izango da; Balentziaga Museoko sarrera, berriz, 10 eurokoa da, eta sarrera murriztuarekin, 7 euro ordaindu beharko dituzte bisitariek. Izan ere, uda honetan bi museoek eskaintzen dituzten erakusketak osagarritzat jotzen dituzte bertako arduradunek.
Espezializatu gabeko museoetan aurkitzen zailak diren jantziak dira San Telmoan jaso dituztenak. Gehienak goi-gizarteari dagozkionak dira, eta jantzien artean, soinekoak, kasakak, txupak, galtzak edo jipoeak daude, baita museoaren bildumako beste objektu batzuk ere; haize-emaile edo poltsak, esaterako. Testuinguru gisa baliagarri diren jatorrizko elementuak ere badaude: estanpak, koadroak, aldizkariak…