Naiara Sampedro eta berdintasun teknikariak, eraso sexisten aurkako kanpainaren aurkezpenena, Parte Zaharrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hiriko hainbat txokotan tamaina handiko bederatzi kartel jarri dituzte, eta uztaileko bi asteburuetan, Aste Nagusian eta Euskal Jaietan eskuorriak eta txapak banatuko dituzte.
Eraso sexisten aurrean herritarrak aktibatu nahi dituzte. Horregatik, urte guztiko lanari jarraipena emanez, sexu erasorik gabeko hiri bat aldarrikatzeko kanpaina berezi bat jarri dute abian udarari begira.
‘Eraso sexistarik gabeko hiri baten alde. Indarkeria sexistari aurre egitea guztion ardura da’ lemapean bederatzi kartel handi jarri dituzte hiriko hainbat txokotan. Parte Zaharreko San Jeronimo kalean jarri dute horietako bat, eta gune horixe aukeratu dute Naiara Sampedro, Berdintasun zinegotziak eta udaleko hainbat berdintasun teknikarik herritarrei eskuorriak banatzeko. Izan ere, herritarrak aktibatzea dute helburu, “eraso sexisten aurrean ez dezatele beste alde batera begiratu”.
Sexu erasoen %30a besterik ez dela salatzen jakinarazi dute, eta datu hori aldatzeko, arazoa ikusarazi eta sentsibilizazio kanpainak indartzearen garrantzia nabarmendu dute. Hiru alorretara bideratuko dute udako kanpaina.
Batetik, ostalarien artean 300 jardunbide protokolo banatuko dituzte. “Tabernetako langileek ere jakin dezaten erasorik ikusten badute nola jokatu behar duten edo zein neurri hartu behar dituzten”, esan du Sampedrok.
Eskuorriak banatu dituzte, herritarrek jarrera aktiboa izan dezaten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Helburu berarekin, 10.000 liburuxka banatuko dituzte etxez-etxe hainbat auzotan. “Indarkeria matxistaren jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza da, eta, gizarte arazoa izanik, erantzunak ere halakoxea izan behar du; gizarte osoarena, guztiona, errespetuaren eta berdintasunaren aldeko jarreran oinarritua. Euskarri horien bidez, bada, arazo honetaz ohartarazi nahi ditugu herritarrak, eta eraso sexistarik gabeko hiria aldarrikatu”, adierazi du Berdintasun zinegotziak.
Azkenik, gazteekin lanketa berezia egingo dute. Txapak banatuko dituzte mutil eta neskentzako mezu ezberdinekin. “Eraso sexisten aurkako jarrera izan dezaten ‘txapa’ emango diegu. Funtsezkoa da gazteen artean harreman eredu berriak sortzea, errespetua eta berdintasuna oinarri izango dituztenak. Neskei erasoak eta tratu txarrak saihesteko gomendio batzuk emango dizkiegu, eta mutilen artean, berriz, eraso matxisten kontrako jarrera aktiboa sustatuko dugu”, azaldu du Sampedrok.
Uztaileko azken bi asteburuetan, Aste Nagusian eta Euskal Jaietan egingo dute material banaketa. Neska gazteek banatuko dituzte liburuxkak, berdintasun, autodefentsa eta indarkeriaren prebentzioaren arloko hezitzaileek, alegia. Gazteak elkartu ohi diren guneetan ibiliko dira, haiekin hitz egiten eta materiala banatzen. Mezu ezagun bat erabiliko dute kanpaina gazteen artean zabaltzeko:
Ez ezetz da!
Mugimendu feministaren mezu historikoa da, eta haren bidez emakumeek ezetz esaten dutenean ezetz esan nahi dutela, eta haien nahia errespetatu behar dela adierazten du.