Ertizka Otxotearen 50 urteak erakusketa batean jaso dituzte
Añorgako zortzikotearen historia bildu dute hainbat argazkitan, Museum Cemento Rezolan.
Añorgako Ertizka Otxoteak 50 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko erakusketa bat zabaldu dute auzoan bertan, Museum Cemento Rezolan. Erakusketaren irekiera ekitaldia gaur eguerdian egin dute, hainbat auzotarren eta lagunen presentziarekin. Zehazki, 1964an eleiz barrutiko koruko zortzi lagunek eman zioten hasiera Ertizka Otxoteari, eta hasiera hartatik gaur egunera arte izan duten ibilbidea jaso dute 90 argazki ingurutan. Argazkiekin batera, urte horietan guztietan lortutako garaikurrak, plakak eta bestelako oroigarriak jarri dituzte erakusketan, beti ere hurrenkera kronologikoan. Gainera, bildutako argazki guztiak, 900 inguru, pantaila txiki batean jarri dituzte ikusgai, eta erakusketa girotzeko, otxotearen abestiak jarri dituzte entzungai. Erakusketa gaur zabaldu dute eta irailaren 30a arte egongo da zabalik.
Hainbat lagunen artean egin dute erakusketaren aurkezpena: Jose Mari Etxarri Cementos Rezolako ohorezko presidentea, Antonio Nolasko Museum Cemento Rezolako zuzendaria, Ramon Beraza Ertizka Otxoteko zuzendaria, eta Patxi Salaberria Ertizka Otxoteko kidea eta presidentea. Argazkiak hautatzea eta sailkatzea lan zaila izan dela aitortu dute aurkezpenean, eta bereziki Gorga elkartearen laguntza eskertu dute, auzoko memoria historikoa errekuperatzeko ahalegina egiten ari den Añorgako elkartea. “Añorgako otxoteak oraindik ere kritika onak edo oso onak jasotzen jarraitzen du, zoragarria da. Erakusketa honekin argi geratzen da Añorgak ez dituela pilotariak eta futbolariak bakarrik eman, baita orfeoilariak ere; eta berdin jarrai dezatela”, aipatu du Etxarrik.
Momentu hunkigarrietarako tartea ere izan dute aurkezpenean. Hala, zortzikoteko kide izandako Casimiro Aizpuruak zilarrezko plakatxo bat oparitu dio Patxi Salaberriari. Hain zuzen ere, Salaberria da zortzikotearen sorreratik orain arte bertan abesten jarraitzen duen taldekide bakarra.