Denok Ikerrekin elkartasun eguna egingo dute ostiralean, Gipuzkoa plazan
Tilin Talan haur eskolak eta Summa Aldapetak bat egin dute, AEPMI elkartearentzat dirua biltzeko.
Igeldoko Nahia de Cos haurrari laguntzeko iaz bildu ziren moduan, aurten Bergarako Iker Galani laguntzeko elkartu dira Tilin Talan Haur Eskola eta Summa Aldapeta. Hala, Denok Ikerrekin izeneko elkartasun eguna antolatu dute, ostiralerako. Egun osoko jaia egingo dute Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 20:00etara; eta Summer Udalekuetan parte hartzen ari diren 2 eta 12 urte arteko 300 haur inguruk lagunduko dute. Azken batean, AEPMI (Patalogia Mitokondrialak dituzten gaixoen elkartea) elkartearentzat laguntza ekonomikoa biltzea dute helburu antolatzaileek. Iaz, Nahia de Cos haurrarentzat 3.000 euro biltzea lortu zuten, eta aurten ere herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, arrakasta izateko.
Iker Galanek lau urte ditu, eta bi hilabete zituenetik du gaixotasun mitokondriala. Bere zelula mitokondrialak kaltetuak daude, eta honek bere gorputza energiarik gabe uzten du. Beraz, haurra ez da hitz egiteko, mugitzeko edo zutik egoteko gai. Pultsometro bati konektatua egon behar du, eta bihotza kontrolatzeko, besteak beste, eta bere amak eguneko 24 orduak bere ondoan eman behar ditu.
Ikerren gaixotasunaren inguruan bi ikerketa daude zabalik. Bata, Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean, eta bestea, Zaragozan, Julio Montoya medikuaren eskutik. Espainiako Gobernuak egindako diru-murrizketak direla eta, ikerketa horiek bizirik mantentzeko AEPMI elkarteko gurasoek jarri dute beharrezko dirua, eta ostiraleko jaiarekin lortzen dute dirua ere ikerketa horietara bideratuko dute.
DENOK IKERREKIN. UZTAILAK 18, OSTIRALA. EGITARAUA:
- 10:00. Summer Udalekuetan parte hartzen ari diren haurrek dantza bat egingo dute, jaia irekitzeko.
- 10:30. Ikerrentzako nahia: Omikuji estilo japoniarrarekin Ikerrentzako mezu baikorrak zintzilikatuko dituzte.
- 11.00. Guhau taldeak txakurrak erakutsiko ditu, haurrek animaliei eduki beharreko errespetua ikasteko.
- 11:30. Joxemari Olasagasti aizkolariak erakustaldia egingo du.
- 12:00. Ehun tailerra, 9 zenbakiaren eskutik.
- 16:00. Aurpegi margoketa, haur guztientzako.
- 17:00. Gipuzkoa Basketeko Gipu panpinaren bisita.
- 17:30. Egunero ogitarteko bat kanpainaren eskutik, 500 ogitartekoren banaketa.
- 18:30. Zumba saioa familientzat. Carmen Garmendia dantza eskolaren eskutik.
- 20:00. Jardunaldiaren amaiera.
- Egun osoan zehar. Summer Udalekuak 2014ko haurrek elkartasun pultserak salduko dituzte eta tonbola jarriko dute, 1.000 opari baino gehiagorekin. Txartelak euro batean salduko dituzte eta Donostiako hainbat denda eta jatetxek emandako opariak zozkatuko dituzte. Tartean, Martin Berasategi, Akelarre eta Arzak jatetxeetarako bazkariak eta afariak.