Errondora igotzeko bidea. (Argazkia: PP)
Puio-Errondoko bizilagunak baztertuta sentitzen direla jakinarazi du Iñigo Arcauz, PPko zinegotziak. Amaratik Errondora igotzeko bidea oso egoera txarrean dagoela salatu du, eta bide hori txukuntzeko konpromisoa eskatu dio zinegotzi popularrak udal gobernuari.
Astelehenean, Hiri zerbitzuetako batzordean jorratu zuten gaia, eta Anoetako frontoiaren atzetik San Juan de Dios ospitalera doan bidea udalarena izanik, “lehenbailehen konpontzeko” eskatu zion Arcauzek Nora Galparsoro, Hiri eta Azpiegitura zinegotziari.
Arcauzen arabera, bide hori herritar ugarik erabiltzen duten arren, oso egoera txarrean dago; “Hiri altzariak guztiz hondatuta daude, eskailerek ez dituzte segurtasun neurriak betetzen, ia argitasun punturik ez dago, eta zaborrak ez dituzte jasotzen”.