Kontxako hondartzan, ura eguzkitakoen mailan. (Argazkia: PSE-EE)
Hondartzen auzia ez da berria, eta aurten bereziki zeresana ematen ari da, neguko denboraleak direla eta, ohikoa baino hondar gutxiago dagoelako hondartzetan, Kontxako hondartzan bereziki.
Sozialistek behin baino gehiagotan salatu izan dute egoera, eta neurriak eskatu, hondartzek ahalik eta hondar gehien izan zezaten. Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistaren esanetan, “naturari bere bidea egiten utzi behar zitzaiola esan ziguten, baina bistan da hondarra ez dela bere tokira itzuli”.
Asteburuan marea biziak izan dira, eta Kontxako hondartza ia eremu lehorrik gabe geratu da. Sozialisten arabera, horrek bereziki eragin die eguzkitakoen erabiltzaileei, eta nolabaiteko kalte ordainen bat ematearen alde azaldu dira; “Kalte ordaina ekonomikoa izan daiteke edo datorren urteko zozketan abantaila eman”, proposatu du Gascok. Zinegotziaren arabera, asko dira egoeraz kexu diren herritarrak, eguraldi txarragatik eta hondar faltagatik ezin izan dutelako hondartzaz eta eguzkitakoez gozatu.
Lehen ilarako eguzkitakoak erabiltzeagatik 318 euro ordaintzen dutela gogoratu du Gascok. Bere ustez, gehien ordaintzen dutenak dira kalterik gehien jasaten dutenak, beraz, “ordainetan zerbait eskaini behar zaie”.