Aparkalekuen kudeaketa txarra leporatu dio PPk udal gobernuari
Autobus geltoki berriko hirugarren solairua proiektutik kendu izana udal gobernuaren “hanka sartze larria” dela uste du PPk. Ramon Gomezek adierazi duenez, udan, bisitariak ugaritzen hasten diren neurrian, aparkatzeko arazoak sortzen dira hirian.
Arazo horiei aurre egiteko irtebide egokia litzateke zinegotzi popularraren ustez, autobus geltoki berriko hirugarren solairua, baina “udal gobernuak kostuak gutxitzeko aitzakiarekin eta lanak lehenbailehen bukatzeko presarekin, nahiago izan zuen 2016rako geltokia bukatzea, aparkatzeko arazoei irtenbide bat ematea baino”, adierazi du Gomezek.
PPko bozeramailearen arabera, Bilduren kudeaketa txarraren beste adibide bat besterik ez da aparkalekuena. “Hirugarren solairurik gabe, 220 leku gutxiago izango ditu geltokiak. Udal gobernuak hala esan bazuen ere, ulergaitza da pentsatzea hiriaren erdian, Tabakaleraren ondoan, eta kultur hiriburutzaren testuinguruan, leku horiek ez liratekeenik erabiliko”, gaineratu du Gomezek.

