Aurrerantzean ez da bertakoa izan beharko Katalunia plazako aparkalekuan leku bat erosteko
Donostiako Udalak Katalunia plazako aparkalekuan leku bat eskuratzeko baldintzak zabaldu ditu. Hemendik aurrera ez da etxebizitza edo merkataritza mugarik egongo, eta ez da beharrezkoa izango hiriko egoiliarra izatea. Beraz, eremu horretan bizi edo lan egin, eta bere autoarentzako leku bat behar duen edonork erosi ahalko du aparkatzeko leku bat edo gehiago.
Guztira 89 leku eskaintzen dituzte erabilpen lagapenean; 60 plaza hirugarren solairuan, 23.582 eurotan, eta 29 laugarren solairuan, 20.466 eurotan, dagokion BEZ kopurua gehitu gabe. Interesa dutenek 943 483 544 telefonora deituta jaso dezakete informazio gehiago.
Baldintza berri hauen berri emateko kanpaina bat jarri du abian Donostiako Udalak, Zure autoa Katalunia aparkalekuan baino hobeto? Inon ez! leloarekin. Gainera, gaurtik aurrera, liburuxkak banatuko dituzte auzoan, eta kartelak banatuko dituzte auzoko dendetan.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez, egoitza eskakizuna malgutu dute, egoiliarrak ez direnek ere aparkaleku bat eskuratzeko aukera izan dezaten. “Erabilera publikoa eman behar zitzaion erabilerarik ez zuen gune bati. Erabakia hartzeko arrazoiak ekonomikoak izan dira. Ez dugu autoa sustatu nahi, baina ezin dugu udal diru-kutxetan gastu ekonomikoa sortzen duen aktibo bat eduki. Beraz, espero dugu ondasun hauek salduz sortu den zor historikoa ordaintzeko diru sarrerak edukitzea eta, aldi berean, lur gainean aparkatzeko leku libre gehiago sortzea”.

