Bisitari kopuruak gora egin du urteko lehen seihilekoan, iazko datuekin alderatuz
Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak bilera egin du gaur goizean, eta balantzea egiteaz gain, 2016ari begira indartu beharreko guneak erabaki ditu, eta Urrezko Danborra hautatzeko prozesua zehaztu du.
Donostia Turismoko Administrazio Kontseilua bildu egin da eta gaur goizean, eta honako gaiak jorratu ditu: Turismo jardueraren balantzea urteko lehen seihilekoan, Urrezko Danborraren araudiaren moldaketa, eta Donostia Turismok Donostia 2016en inguruan abian jarriko dituen jarduerak. Guztiaren berri emateko, agerraldia egin dute Josu Ruiz Garapen Ekonomiko zinegotziak eta Manu Narvaez Donostia Turismoko arduradunak, gaur eguerdian. 2014ko lehen seihilekoari dagokionean, iazko lehen sei hilabeteekin alderatuz turismoak gora egin duela ziurtatu dute. “Bisitari gehiago izan ditugu, gaualdi gehiago egin dituzte, bisita gidatu gehiagotan parte hartu dute eta bulegoak bisita gehiago jaso ditu”, zehaztu du Ruizek. Hala, iaz garai berean baino %4,6 turista gehiago jaso ditu hiriak, gaualdiak %3,20 igo dira. Horretaz gain, Donostia Turismoko webgunearen bisita kopuruak ere gora egin duela zehaztu dute. “Webgunea berritu dugunetik %111 bisita gehiago jaso ditugu”, aipatu du Ruizek.
2016ko Europako Kultur Hiriburutzari dagokionean, arduradunek argi daukate turismoari begira urte gakoa izango dela. Beraz, urte horri begira eta baita aurrera begira ere, zenbait arlo bereziki jorratzea erabaki dute. Azken batean, 2016ari begira egindako planak, bi ardatz nagusi izango ditu: hiria turistei harrera egiteko prestatzea, eta hiriaren ikurra kulturarekin lotzea. Lehenengo arloari dagokionean, bi kontu bereiztu ditu Narvaezek: “Hiria datorren bisitariak egonaldi on bat eta esperientzia on bat nahi ditu. Horregatik plan bat egin behar dugu bi eremuta bereziki, batetik azpiegiturak eta senalizazioak hobetu, eta bestetik, bertakoek erabiltzen dituzten zerbitzuak bisitarientzat irisgarri egitea”.
Urrezko Danborraren hautaketa prozesua, zehaztuta
San Sebastian Egunarekin bat eginez urtero banatzen den Urrezko Danborrari dagokionean ere, erabaki garrantzitsuak hartu ditu Donostia Turismo. Izan ere, orain arte arautu gabe zegoen prozesua guztiz zehaztu dute. “Prozesua arindu nahi dugu, eraginkorragoa izan dadin”, aipatu du Ruizek. Horrela, prozesu guztiak asko jota lau asteko iraupena izango du: Beranduenez azaroko lehen astean irekiko dute prozesua; edonork izango du proposamenak egiteko aukera, errejistro bidez zein Internet bidez, baina arrazoitua egon beharko da; behin proposamenak jasota, administrazio kontseiluak bilera egingo du eta kontseilariek ere euren proposamenak egiteko aukera izango dute; bilera horretatik gehienez jota 48 ordutara erabakiko dute zeinek jasoko duten Urrezko Danborra.


