Madrilgo Vulcano su-etxeak emango dio hasiera su artifizialen lehiaketari
Su artifizialen ikuskizuna eta hondartza eskutik doazela argudiatuta, udaletxeko terrazan egin dute Su Artifizialen 51. Nazioarteko Lehiaketaren aurkezpena. Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduraduna eta epaimahai ofizialeko hainbat kide izan dira bertan.
Aurtengo lehiaketak Donostiako hondartzei keinu egiten diela adierazi du Txapartegik; “Herritar eta bisitari andana biltzen da hondartzan suak bertatik ikusteko. Itsasoari begira bizi den hiria da Donostia, eta suak ere testuinguru horretan kokatzen dira”.
Aurtengo kartelak ere hondartzari eta itsasoari egiten die erreferentzia. Catelloko Juan Diego Ingelmorena da kartela eta oinarri urdin baten gainean maskorrez osaturiko suziri bat irudikatzen du.
Bestalde, aurtengoa, mende erdiko tradizioari jarraipena emango dion lehen urtea izango dela adierazi du Txapartegik. “Berrogeita hamar gehi bat da aurtengoa. Hasiera berri bat da, eta mende erdiko tradizioari beste mende erdiz eustea izango da erronka”.
Su artifizialen lehiaketa
Zazpi su-etxek hartuko dute parte Su Artifizialen 51. Nazioarteko Lehiaketan.
Lehen lehiakidea Madrilgo Vulcano su-etxea izango da, eta azkena, berriz, iazko irabazlea: Valentziako Pirofantasia su-etxea.
-Abuztuak 9: Vulcano su-etxea (Madril)
-Abuztuak 10: Martarello su-etxea (Italia)
-Abuztuak 11: Lieto Fireworks (Italia)
-Abuztuak 12: Pyrovision (Austria)
-Abuztuak 13: Pibierzo (Leon)
-Abuztuak 14: Marti su-etxea (Castello)
-Abuztuak 15: Pirofantasia (Valentzia)
Abuztuaren 16an, lehiaketaz kanpo, Valentziako Ricasa su-etxeak Piromusikala eskainiko du; suak eta musika uztartzen dituen ikuskizun berezia.
Garaileen zerrenda hiru epaimahaik erabakiko dute: Epaimahai ofizialak, Gazteen epaimahaiak eta Donostiako publikoak. Azken hau, egunero milaka boto bidaltzen dituen Donostiako publikoak osatzen du.
Epaimahai Ofiziala honako sari hauek emateaz arduratuko da:
Urrezko Maskorra eta 7.000 euro.
Zilarrezko Maskorra eta 5.250 euro.
Brontzezko Maskorra eta 3.500 euro.
Gazteen epaimahaiak Euskaltel saria emango du. Eta ikusleek, Publikoaren Sari Nagusia emango dute.
Sari banaketa Aste Nagusiko azken egunean egingo dute, abuztuaren 17an, irabazleen zerrenda jakinarazteko prentsaurrekoan.


