'Denok Ikerrekin' jardueraren bidez 4.200 euro bildu dituzte
Igeldoko Nahia de Cos haurrari laguntzeko iaz bildu ziren moduan, aurten Bergarako Iker Galani laguntzeko elkartu dira Tilin Talan Haur Eskola eta Summa Aldapeta. Hala, Denok Ikerrekin izeneko elkartasun eguna antolatu zuten atzo. Egun osoko jaia egin zuten Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 20:00etara. Bada, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete herritarrei, iaz baino diru gehiago bildu baitute; 4.200 euro, hain justu.
Iker Galanek lau urte ditu, eta bi hilabete zituenetik du gaixotasun mitokondriala. Bere zelula mitokondrialak kaltetuak daude, eta honek bere gorputza energiarik gabe uzten du. Beraz, haurra ez da hitz egiteko, mugitzeko edo zutik egoteko gai. Pultsometro bati konektatua egon behar du, eta bihotza kontrolatzeko, besteak beste, eta bere amak eguneko 24 orduak bere ondoan eman behar ditu. Ikerren gaixotasunaren inguruan bi ikerketa daude zabalik. Bata, Sevillako Pablo de Olavide unibertsitatean, eta bestea, Zaragozan, Julio Montoya medikuaren eskutik. Espainiako Gobernuak egindako diru-murrizketak direla eta, ikerketa horiek bizirik mantentzeko AEPMI (Patalogia Mitokondrialak dituzten gaixoen elkartea) elkarteko gurasoek jarri dute beharrezko dirua, eta ostiraleko jaiarekin lortutako dirua ere ikerketa horietara bideratuko dute.