Eraso sexista bat izan dela salatzeko elkarretaratzea egingo dute
Mugimendu feministak eta Donostiako Piratek deitu dute protestara, eta Donostiako Udalak bat egin du.
Gaur goizaldean eraso sexista bat izan da hirian, eta erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean 18:30ean. Mugimendu feministak eta Donostiako Piratek deitu dute protestara, eta Donostiako Udalak bat egin du. Udalak ohar baten bidez adierazi du erabat gaitzesten dituela mota honetako erasoak: “Irmoki salatu eta salatzen jarraituko du emakumeen kontrako indarkeria matxista. Era berean, babes osoa eta laguntza eskaini nahi dio erasotutako emakumeari”. Eraso Sexisten Kontrako Udal Protokoloa abian jarri dutela azaldu dute oharrean.
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren hitzetan garrantzitsua da emakumeak erasotzaileari aurre egin izana eta erasoa salatu izana: “Orain arte hilketak eta bortxaketak gertatzerakoan erakusten zuen jendarteak gaitzespena, baina aurrerapauso bat ematen ari gara sexu eraso saiakera bat ere gaitzesten ari garenean”. Donostiako Udalak eraso sexistarik gabeko hiri bat aldarrikatzen duela adierazi du zinegotziak.
Piratek eraso sexistak salatzeko telefono zenbaki bat dute: 674562864, baita posta ere erasosexistensalaketakutxa@gmail.com.