400dik gora baltsak abordatu dute Donostia
Hamabigarren urtez abordatu dute Piratek Donostia. Gainera, azken urteetan bezalaxe, arrakastatsua izan da gaurko Abordatzea, jende andana bildu baita Kaian, bai uretan eta baita uretatik kanpo ere.
Goizean goizetik hasi dira kuadrillak euren baltsak prestatzen. Guztira 400dik baltsa uretaratu dituzte, nahiz eta batzuk ez diren Kontxako hondartzara iritsi. Dena dela, orekari ezin eutsiz eta ondokoak ahalik eta gehien bustiz, lehorrerantz arraun egiteko lehian giro bikaina sortu da. Piraten arabera, 4.000 lagun elkartu dira uretan, eta beste hainbeste izango ziren kaian eta Kontxako pasealekuan piratek euren abentura noiz eta nola bukatzen zuten begira.
Arratsaldeko 17:00ak pasatxo zirenean Ezkila kapitainak eta Mattik eman diote hasiera Abordatzeari, parekidetasunaren aldeko mezua igorriz. Aurten Sardiñerak kofradiako kide bat da Ezkila kapitaina eta Matti, berriz, Gipuzkoako Abortuaren Aldeko Plataformako kide bat.
Festak ez du etenik
Kontxara heltzea da erronka. Gehienek lortzen dute, eta gainerakoek ere festa giroan murgildurik jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, festak ez du etenik; Piratak kalejiran joango dira La Flamenkara, eta afariaren ondoren, Berri Txarrak taldeak kontzertua eskainiko du bertan.


